Guardianen itxiera

"EAJk, PSEk eta PPk Europar Batasunean sustatutako politika neoliberalak" dira Guardianen itxieraren errudunak, Podemos Euskadiren ustez

Txabi Alvarado Bañares 2025ko api. 7a, 21:00

Podemos Euskadiko kideak, Guardianen itxieraren aurka eginiko giza katean. / Podemos Euskadi

Alderdi moreak aldarrikatu du Jaurlaritzak enpresa estrategikoen akzioak erosi beharko lituzkeela Laudioko lantegian gertatutakoa ekiditeko. 

Podemos Euskadi ere batu da Guardian ixteko akordioak sortutako erreakzio olatura. Alderdi politikoak errespetatu egiten du langileek hartutako "erabaki zaila", baina nabarmendu du ez dutela beste aukerarik izan, Eusko Jaurlaritzak "proposamen eta plan industrialik" egin ez duelako.

Talde moreak nabarmendu du hau dela borroka honek izan zezakeen "amaierarik txarrena", eta Laudioko beira fabrikaren itxiera "beste kolpe gogor bat" izango dela eskualdearentzat, "ziztu bizian desindustrializatzen eta pobretzen" ari dela ohartarazita.

Horren aurrean, hainbat erantzule seinalatu dituzte talde politikoko kideek. Euren ustez, EAJk, PSEk eta PPk Europar Batasunean sustatutako politika neoliberalak dira gertatutakoaren errudunak. "Izan ere, gure enpresak ezin dira lehiatu soldata baxuko eta ingurumen araurik gabeko herrialdeekin, eta gure enpresa sarea inbertsio funtsek eros dezakete", azaldu dute. Horren aurrean, merkataritza itunetan "ispilu-klausulak" txertatu behar direla aldarrikatu dute, eta gobernuek "partaidetza garrantzitsuak" eskuratu behar dituztela "enpresa estrategikoetan".

Nabarmendu dutenez, eurek urteak daramatzate Eusko Legebiltzarrean hori proposatzen: "2021eko, 2022ko eta 2023ko aurrekontuetan, Podemosek proposatu zuen Euskal Funts Subirano bat sortzea, urtean 500 milioi eurokoa, enpresa estrategikoen, startupen edo arriskuan dauden enpresen akziodun izateko, lehiakorragoak izateko eta industria lurraldera errotzeko. Ez ziguten inoiz kasurik egin, baina orain Imanol Pradales lehendakariak gauza bera eskatzen du bere Finantza Aliantzarekin. Okerrena da Guardian eta bere 171 langileentzat berandu datozela dirudiela". 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide