'Azalera' podcasta

Kaleratu dituzte jada Guardian Llodioko langile gehienak, baina enpresa ez dute disolbatuko momentuz

Erredakzioa 2025ko api. 10a, 20:44

Gaur goizean jaso du bere kaleratze gutuna Aitor Peral LABeko ordezkariak, eta jarraian mintzatu da Aiaraldea Komunikabideko Azalera podcastean. 

Kaleratu dituzte dagoeneko Guardianeko langile gehienak. Asteartean sinatu zuten akordioa enpresa batzordearen eta zuzendaritzaren artean. Dokumentu horren bidez, langileak konprometitu dira kaleratzea epaitegietara ez eramatera eta, trukean, zehaztutako kalte ordaina emango die zuzendaritzak. 

Hori sinatzearen alde lerratu ziren behargin gehienak iragan ostiralean eginiko asanbladan, sindikatuetako ordezkariak aurka egon arren. 

Bozketa horri eta aurreko prozesu guztiari buruz mintzatu da Aitor Peral gaur eguerdian Azalera podcastean. LABeko ordezkariak gaur goizean bertan sinatu du bere kaleratze gutuna, eta jarraian eskaini dio elkarrizketa Aiaraldea Komunikabideari. 

Enpresa ez dute disolbatuko

Peralek azaldu duenez, oraindik 14 behargin geratzen dira enpresan. Horietako sei hilabete amaierara arte egongo dira lanean, eta beste zortziek (zuzendaritzako zenbait kide eta segurtasun arduraduna, besteak beste) enplegua mantenduko dute momentuz. Izan ere, Laudioko lantegiaren atzean dagoen enpresa juridikoa (Guardian Llodio S.L.) ez dute disolbatuko. "Ez dakigu hemendik urtebetera edo hiru urtera disolbatuko duten edo mantenduko duten", azaldu du enpresa batzordeko kide ohiak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!