Gaur goizeko bederatzietan ezohiko udalbatza egin dute Laudion 2025eko aurrekontuak onartzeko. EH Bilduk egin du proposamena eta Omnia eta PSE-EEren abstentzioei esker egin dute aurrera. EAJk, aldiz, aurka egin du.
Berez, honekin ez da amaitu aurrekontuen lana tokiko erakundean. Izan ere, Iñigo Martinez zinegotziak azaldu duenez, iazko prozedura jarraituko dute: "Likidazioa ezagutzen dugunean inbertsio plana proposatuko dugu eta herritarrekin aurrekontu kolaboratiboak egingo ditugu".
Gaur jorratutako aurrekontuak, hortaz, "teknikoak" dira. Martinezen hitzetan, "urtero errepikatzen diren partidak jasotzen dituztenak, Udalaren egiturakoak".
Guztira, 26.506.931,11 eurokoak dira eta ekimen anitzak biltzen dituzte. Abastos Plaza, adibidez, urte amaierarako funtzionamenduan egotea nahi dute, Kultura Etxearen hornitze-prozesua hasiko da ere, eta Antzokiko hornidura eta kudeaketa definituko dira. Horrez gain, anbulatorioko obrak ere amaituko dira.
Auzoz auzo
Udal gobernu taldeak honako esku-hartzeak azpimarratu ditu auzoka: "Ugarteko parkeari estalkia jarriko zaio, Landaluzen Zentro Sozialarekin urratsak emango dira, Aretako Kultura Etxea ere hobetuko da, Latiorron irisgarritasuna hobetzea eta aparkaleku gehiago sortzea aztertuko da, Gardean asfaltatze-lanak egingo dira eta berdeguneak txukundu, landa eremuan seinalitika berria jarriko da inguru naturalak mantentzeko kanpaina abiatuz, eta Arrañon konektibitatea eta irisgarritasuna hobetuko dira. Azkenik, herrigunean bidegorrirako proiektu berri bat garatuko da eta zarataren arazoari irtenbide bat bilatuko zaio".
Horrez gain, “Herri Busa” proiektua bultzatuko du gobernu taldeak, udalerriko hainbat gunetan dauden irisgarritasun arazoak konpontzeko helburuarekin.
Arloz arlo
Aurrekontua bi ataletan dago banatua. Batean langileen eta politikarien soldatak daude eta 11.193.202 eurokoa da. Bestean, aldiz, gainerako arloen gastuak daude eta 15.313.706,81 euro dira guztira:
- Alkatetza: 654.637,00 €
- Antolakuntza: 473.765,42 €
- Ekonomia: 444.350 €
- Hizkuntza politikak: 560.252 €
- Herritarrekin harremanak: 90.150 €
- Aniztasuna: 20.000 €
- Gobernantza: 233.650 €
- Hirigintza: 293.152,17 €
- Zerbitzuak: 5.512.288,32 €
- Garapen jasangarria: 239.450 €
- Kultura eta kirolak: 2.624.611,90 €
- Nortasuna eta ondarea: 45.900 €
- Jaiak: 694.700 €
- Garapen ekonomikoa: 452.000 €
- Ekonomia sozialak eta lehen sektorea: 104.000 €
- Gizarte kohesioa: 409.500 €
- Ongizatea: 1.020.550 €
- Haurtzaroa eta gazteria: 1.316.540 €
- Adinekoak: 124.210 €
Eztabaida politikoa
Omniak eta PSE-EEk abstentzioaren bidez aurrekontuen onarpena ahalbidetu badute ere, kritikoak izan dira EH Bildurekin. Sozialistek iragarri dute aurreikusitako gastu eta proiektuen jarraipena egingo dutela eta "hilabete batzuen buruan hitz egingo dutela horri buruz".
Omnia, bere aldetik, askoz kritikoagoa izan da eta adierazi du herritarrekiko konpromisoagatik lortu duela akordioa, udalerriak aurrera egin dezan. Dena den, aipatu du badakiela epeengatik zenbait proiektu ez direla beteko.
Bien abstentzioaren negoziaketan, udal gobernu taldeak oposizioko taldeen zenbait ekimen txertatu ditu: "Omnia alderdiarekin batera amiantoaren desagerpenean lanean jarraituko du Udalak, eta Herriko plazaren zoladura hobetu edota Karmen kalea txukundu eta hobetuko du errekako ibaiaren obraren ostean. Gainera, etxebizitza komunitarioen filosofian sakondu nahi da, baita proiektu berriak abiatu ere, Jesus Guridi plaza, esaterako. PSE-EE alderdiarekin batera, komunitate energetikoak martxan jarri nahi dira herrian, baita harrera plana sortu edota komertzioa sustatu ere".
Kritikoena, dena den, EAJ izan da. Jeltzaleek argi utzi dute ez daudela ados EH Bilduren lan egiteko moduekin ezta irizpide politikoekin ere eta berriro leporatu diete gardentasun falta kudeaketan.
Udalbatza osoa hemen dago ikusgai: