Laudioko Kultura Etxea bisitatzeko aukera izan dute jadanik herritarrek eta udal ordezkariek, gainera, bertatik bertara ikusi dute nola doazen Antzokiko zein Abasto plazako obrak. Hori bai, ez bata ez besteak ez daude oraindik funtzionamenduan.
Ainize Gastaka alkateak Azalera podcastean argitu bezala, Kultura Etxeko kasuan, oraindik hornitu behar dute eraikina, erabilgarri egon dadin.
Abasto plaza eta Antzokiko kasuetan, lanak burutu ez ezik, hornidura prozesua ere amaitu behar dute, eta Laudioko Udalak 2026ko bukaera jarri du erreferentziazko data gisa Antzokian eta aurtengo azken hilabeteak Abasto plazan.
Lanak bukatuta, zer?
Hiru eraikin eta hiru erronka ezberdin dauzka Laudioko Udalak Kultura Etxe birgaituarekin, Laudioko Antzokiarekin eta Abasto plazarekin.
Momentuz, Kultura Etxea prest egon bezain pronto, lehen han tokia zuten elkarteak itzuliko dira.
Hori bai, batzuek leku aldaketa izan dezakete denboraren poderioz. Izan ere, alkateak gogoratu du Lamuza Parkeko Plan Bereziaren barruan kulturaren mapeoa egin zutela herriko taldeen errolda eta beharrak zehazteko.
Kultura Etxean tokia zuten elkarteak hara itzuliko dira. Hala ere, Lamuza Parkeko Plan Berezia gauzatzen bada, lekuz alda daitezke
Horren arabera, egungo Kultura Etxeak ez dauka gaitasunik udalerriko kultura ehuna asetzeko. Horregatik, hain zuzen, eraikin eta eremu gehiago proiektatzen duen plan berezia aurkeztu zuten. Horrek aurrera egin ahala, toki berriak hartzeko parada egongo da.
Antzokiaren erabilera eztabaida
Laudioko Antzokia aspaldiko korapiloa izan da herrian eta inbertsio historikoarekin askatzea espero dute 2026ko amaierarako.
Dena den, gaia ez da guztiz konponduko ateak irekitzean. Izan ere, Ainize Gastakak azpimarratu duen moduan: "Kudeaketa eredua izango da gakoa. Herriak dituen beharrei erantzun behar die eta aldi berean bideragarria izan".
Horretarako, udal gobernu taldeak parte hartze prozesua abiatu du Kultura Kontseiluaren bitartez. Batzorde herritar horren esku utzi dute eztabaidatzea zein izan behar den Antzokiko funtzionamendu eta erabilera eredua.
Kultura Kontseilua eztabaidatzen ari da zein izan daitekeen Antzokiaren erabilera eredua
Horrek ez du esan nahi kontseiluak proposatzen duena izango denik ezarriko den eredua, talde politikoen eta udal teknikarien kontrastea beharko baitu. Edonola ere, hori da eztabaida horren abiapuntua Laudion.
Abasto plaza, lehen sektorearentzat
Abasto plaza berriaren kasua, erabilera oso argia da alkatearentzat: "Lehen sektoreari espazio duin, erakargarria eta atsegina eskaintzea".
Dena den, inaugurazioa bi epetan egiteko aukera dago. Izan ere, eremuak kalean dauden bi plaza barne hartzen ditu, bata elizaren alboan eta bestea azpian.
Inguru horiek irekitzeko ez dago itxaron behar salmenta postuen hornidura egin arte, hortaz, Ainize Gastakak aipatu du aukera bat dela bi plaza horiek inauguratzea lehenik eta behin eta gero eraikinaren barruan egongo diren salmenta postuak eta taberna.