Itxaso, igandeko ibilaldian faltako den laudioarra

Aitor Aspuru Saez 2025eko apirilaren 29a

Itxaso Garrote laudioarra, artxibo irudi batean.

Hilabete pare bat baino ez dira igaro Itxaso Garrote zendu zenetik, eta lagun ugariren buruan egongo da igandean Laudion egingo den ibilaldian.

Igandean izango da Laudion Bularreko Minbizi Metastasikoaren kontrako bigarren ibilaldia eta antolatzaileetako batek aitortu duenez, Itxaso Garrote askoren buruan egongo da egun horretan. Izan ere, Maite eta Bizi elkartea oso berria denez, ez zuen denborarik izan parte hartzeko, baina ez zen urrun ibili.

Horrez gain, beste herritar batek bere oroitzapena bizirik mantendu nahi du, oso lagungarria izan zelako bere bizitzan eta betiko aztarna utzi diolako Itxasok.

Laudioar honek gogoratu du harreman gutxi izan zuela berarekin harik eta bere semea Ikastolan hasi eta bere irakasle izan zen arte.

Bat-batean lotura hori nabarmen estutu zen gaixotasunagatik. Berez, 2016an laudioar honen koinata oso txarto zegoen, minbiziak jota, eta bere semeak izeko hiltzen ari zela adierazi zuenean ikastetxean, Itxasok bere laguntza eta babes osoa eskaini zien, umeari zein familiari.

Hain zuzen, Itxasok berak ahizpa galdu zuen gaitzaren erruz eta zuzenean ezagutzen zuen zer suposatzen zuen. “Berak ahizpa galdu zuen eta doluaren prozesua partekatu zuen nirekin. Familia osoarentzat oso pertsona berezia izan da. Aztarna handia eta sakona utzi digu”.

Herritar eskertu honek oroitu du handik gutxira Itxasok ere gaixotasunari aurre egin behar ziola: “Indarrez eta duintasunez egin zuen. Gainera, noizbait ahul bazegoen, hor zeuden bere mutilak, Sabin, Liher eta Izei, laguntzeko”.

“Beti izan du indar izugarria eta behin eta berriro errepikatzen zidan bere eskura egon bitartean, eutsiko ziola. Madrilen tratamendua jarraitu zuen eta Galdakaora ekartzea lortu zuen. Bizitzaren maitale nekaezina izan da, eta beti oso modu diskretuan”, azpimarratu du lagun anonimoak.

Orain bere bizitza amaitu dela, bere oroitzapena mantendu nahi dute.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide