Atzo hasi ziren Laudioko auzo batzarrak Aretan eta udal oposizioko taldeek ziurtatu dute ez dutela parte hartuko saioetan. Izan ere, bilerak monografikoak izango dira; Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aurrerakina jorratuko dute. EAJk, Omniak eta PSE-EEk adierazi dute landuko den zirriborroa ez dela aurretik eurekin adostu eta, ondorioz, ez direla agertuko eztabaidetan.
Oposizioak leporatu dio EH Bilduri herritarrei eramatea dokumentu bat akordio politikorik ez duena eta, ondorioz, "itxaropen faltsuak eta nahasmena" sortzea.
Hautu hori azaltzeko, hiru alderdiek aipatu dute martxoan onartutako mozioa, zeinean ezarri zuten HAPOren berrikuspenean parte-hartze eraginkorra bermatzeko beharrezko urratsak. Hiru taldeen aburuz, baldintza horiek ez dira betetzen ari.