Ramiro Gonzalezek exijitu dio Laudioko EH Bilduri HAPOko aurrerakina birpentsatzea enpresa industrialen mesederako

Aitor Aspuru Saez 2025eko maiatzaren 8a

Ramiro Gonzalez Arabako Batzar Nagusietan./ AFA

Arabako Batzar Nagusietan EH Bilduko galderei erantzunda leporatu zion atzo Laudioko Udal Gobernu Taldeari enpresak botatzea herritik.

Atzo Arabako Batzar Nagusietan egindako eztabaida politikoak Laudio eta Aiaraldea izan zuen hizpide. Izan ere, Eva Lopez de Arroyabe EH Bilduko bozeramaileak Ramiro Gonzalez Ahaldun Nagusiari galdetu zion Aiaraldeko Larrialdi Planari buruz eta EAJko ordezkariak erasoan erantzun zuen.

Lehenik eta behin, Gonzalezek aipatu zuen Arabako Foru Aldundiak plan horretan aurreikusitakoaren %104 gastatu duela. Horrez gain, Lamuzako parkean egindako esku-hartzea, Saratxo saihesbidea eta Kexaako monumentuaren erosketa gogoratu zituen.

Halaber, inbertsio handiagoak egingo dituela azpimarratu zuen, Ikus-entzunezko Hub bat aurreikusita baitute Aiaraldean. Zentro berriak plato birtual bat, ekoizpen espazioak, prestakuntza aretoak eta filmaketa eremuak izango ditu, ohar bidez argitu dutenez.

HAPOren aurrerakina

Hori aipatuta, Ramiro Gonzalezek aldarrikatu zuen Aldundiak egiten duena balio gutxi izango duela tokiko erakundeek oztopoak jartzen badituzte eta horrela erreferentzia egin zion Laudioko Udala aurkezten ari den Hiri Antolakuntzako Plan Orokorrari.

Gonzalezek aipatu zuen egun hauetan Aiala Vidriorekin elkarlanean ari direla 75 milioi euroko inbertsioa egin dezaten, eta Laudioko enpresa batek bere kezka adierazi diela HAPOko aurrerakinak zoru industrial kopurua murriztu duelako.

Ahaldun Nagusiak egotzi zion Laudioko EH Bilduko udal taldeari enpresak kanporatzea udalerritik eta horregatik exijitu dio HAPO birpentsatzea.

Atzoko adierazpenak oposizioak egindako salaketarekin lotu zuen zuzenean Gonzalezek.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide