Guardianen Llodioren itxieraren ostean, galdera bat geratu da airean: Zer egingo du multinazional estatu batuarrak Laudion dituen lursail eta jabetza guztiekin? Izan ere, auzia ez da lantegiaren azpiegituretara mugatzen. Gaur gaurkoz, Laudioko 30 hektarea dira beira konpainiarenak. Horien artean daude zoru industrialak, baina baita etxebizitzak, lokalak, lursailak edota mendi zatiak ere.
Guardianen jabetza horietako bat da Goikoetxe baserria, Aretako bide zaharretan kokatuta dagoena. 1836. urtean eraiki zen, eta 2009an Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartu zuen Jaurlaritzak, ‘Monumentu’ izendapenarekin.
Baina Guardian Llodiok helegitea jarri zuen erabaki horren aurka. Beste gauza batzuen artean, konpainiak argudiatu zuen baserriaren lurrak industria-erabilerarako hiri-lur moduan sailkatuta zeudela, baina garai hartako HAPOaren berrikuspenaren aurrerakinaren arabera, bizitegietarako espazio moduan birkalifikatu ahalko zirela eta, horren ondorioz, 345 etxebizitza eraiki ahalko zirela bertan.
Dena dela, Jaurlaritzak ez zuen konpainiaren helegitea onartu. Kultur Sailaren hitzetan, garai hartako HAPOaren aurrerakinak ez zuen inolako arautze-indarrik, aurrerakin bat baino ez zelako. Horrez gain, nabarmendu duen etorkizuneko hirigintza planak kontuan hartu beharko zuela “higiezinari eta haren inguruneari emandako babesa”.
Ia hamarkada bat mantenurik gabe
Eraikin bat ondare historiko izendatzeak hainbat betebehar ezartzen ditu legez. Besteak beste, jabea derrigortuta dago beharrezko mantenu lanak egitera, bere hondatzea ekiditeko.
Baina Guardianek ez zuen halakorik egin hurrengo urteetan. Hori bai, salgai jarrai zuen baserria, eroslerik lortu ez zuen arren.
Eta horrela iritsi zen 2016ko ekainaren 4a. Egun hartan bizilagun batek deitu zuen Laudioko Udaltzaingora, baserriaren zati bat erori egin zela esanez. Hala zehazten du auziari buruz Laudioko Udalak duen espedienteak. Dokumentu hori aztertzeko aukera izan du Aiaraldea Komunikabideak, eta hortik atera du jarraian doan kronologia.
Ekainaren 6 eta 13an Udalak eraikina bisitatu zuen Foru Aldundiko arkitektoekin, eta bertan ikusi ahal izan zuten eraikinaren teilatuan zulo bat sortu zela:

Handik hiru egunera, Udala Guardianekin jarri zen harremanetan, bi gauza eskatzeko. Lehena, premiazko neurri batzuk ezartzea gunearen segurtasuna bermatzeko. Bigarrena, behingoz egitea baserria egonkortzeko legez egin beharreko obrak. Zehazki, sabaian topatutako zuloa estaltzea eskatu zion tokiko erakundeak konpainiari, uraren sarrera ekiditeko, horrek eraikinaren egurrezko estruktura are gehiago kaltetzea eragingo lukeelako. Horrez gain, hilabete bat eman zioten multinazionalari obren proiektu teknikoa aurkezteko.
Guardianek ez zuen teilatuko zuloa estali ezta bestelako birgaitze lanik egin, Udalak hori hainbat aldiz eskatu zion arren hurrengo hilabeteetan.
Guardianek handik gutxira ezarri zituen eskatutako segurtasun neurriak. Zonaldea hesitu eta pareten erorketa ekiditeko estruktura muntatu zuen, baina horraino mugatu zen bere ekarpena. Ez zuen teilatuko zuloa estali ezta bestelako birgaitze lanik egin, Udalak hori hainbat aldiz eskatu zion arren hurrengo hilabeteetan.

Baimenik gabeko eraisketa
Horrela igaro zen urtebete. 2017ko abuztuaren 1ean Guardianek dokumentu bat helarazi zion Udalari, zeinetan iradokitzen zuen ez zuela baserria birgaitzeko baliabide ekonomiko nahikorik, “aurrekaririk gabeko krisi ekonomiko bati” egin behar izan ziotelako aurre, 2012 eta 2014 urteetan artean galerak 103,4 milioi eurora iritsi zirela nabarmenduz. Hain zuzen, garai hartan saiatu zen Guardian 120 langile kaleratzen, baina atzera egin zuen beharginek aurrera ateratako greba mugagabearen ostean.
Dokumentu horretan bertan, Guardianek argudiatzen zuen baserriko egurra ustelduta zegoela jada, eta eraikinaren goiko zatia eraisteari ekingo ziola.

Guardianek iradoki zuen ez zuela baserria birgaitzeko baliabide ekonomiko nahikorik, 2012ko grebari zeharkako erreferentzia eginez.
Irailean egin zituen lan horiek, Udalaren erantzunera itxaron gabe. Urriaren 6an alkateak Arabako Foru Aldundira bidali zuen mezu bat Guardianek eginiko baimenik gabeko eraisketaren berri emanez. 2018ko maiatzaren 29an iritsi zen Aldundiaren erantzuna: aldez aurreko jardunak abiatu zituen “Laudioko Goikoetxe baserriaren eraisketa partzialagatik zigor prozedura irekitzea komeni den edo ez erabakitzeko”.
Urtebete baino gehiago iraun zuen prozedura hark. 2019ko azaroaren 15ean plazaratu zuen Aldundiak bere ebazpena. Hiru delitu egotzi zizkion foru erakundeak beiraren multinazionalari, eraikina zaindu eta babesteari uko egiteagatik eta zati bat baimenik gabe eraisteagatik. 105.421,74 euroko isuna ezarri zion horregatik. Kasu honetan, Guardianek ez zuen inolako helegiterik jarri: bere erantzunkizunak onartu eta ezarritakoa ordaindu zuen handik gutxira.
Gauza asko gertatu dira 2019tik hona, Glavistaren salmenta eta itxiera lehenbizi, eta Guardian Llodio berarena gero. Orain, multinazionalaren Laudioko proiektu industriala deseginda, ikusteke dago zer gertatuko den Goikoetxe baserriaren arrastoekin eta inguruko lursail guztiekin.