Guardianen itxiera

Eta orain, zer egingo du Guardianek Laudion dituen 30 hektareekin?

Txabi Alvarado Bañares 2025eko maiatzaren 26a

Guardianen lursailetako batzuk, zerutik ikusita. / Ruben Ladron de Gebara

46 jabetza ditu Guardian Llodio S.L. enpresak herrian, 30 hektarea baino gehiago guztira. 

Hilabete bat baino gehiago igaro da Guardianek bere Laudioko lantegiko behargin gehienak kaleratu zituenetik, eta oraindik ez dago inondik inora argi zer gertatuko den hutsik geratutako lantegiarekin eta lursail industrial guztiekin. 

Arabako Ahaldun Nagusia baikor agertu zen hilabete hasieran. Bere iritziz, lortu egingo da bertako jarduna berraktibatzea. Eusko Jaurlaritza, bere aldetik, Guardianen lurrak erosteko prest azaldu da Sprilurren bidez. Hala ere, gaur gaurkoz, ez dago ezer finkorik mahai gainean. 

Kontuan izan behar da  Laudioko lantegiaren atzean dagoen enpresa juridikoa (Guardian Llodio S.L.) ez dutela oraindik disolbatu, eta pertsona bakan batzuk lan egiten jarraitzen dutela entitate juridiko horren kontratupean. 

Hain zuzen, sozietate horren izenean daude erregistratuta multinazional estatu batuarrak Laudion dituen jabetza guztiak, edo nagusienak behintzat. Aiaraldea Komunikabideak eginiko kontsulten arabera, enpresak 46 jabetza ditu gutxienez erregistratuta Aiaraldean, denak Laudion. Horien guztien hedadura batura ateratzen da zifra totala: Laudioko 30 hektarea baino gehiago dira Guardianenak. 

Zati handi bat lantegiak berak eta inguruko zoru industrialek okupatzen dute, baina ez bakarrik. Guardian Llodiok beste hainbat jabetza mota ditu herrian barrena: lokalak, etxebizitzak, lursailak edota baita mendi zatiak ere. 

Hemen ikusi daiteke 30 jabetza hektareen banaketa: 


Hala ere, asko izaten jarraitzen duen arren, enpresak Laudion gaur egun duen jabetza kopurua ez da horrenbestekoa beste garai batzuetan zuenarekin alderatuta. Kontuan hartu behar da gaur egun Guardian Llodio dena Villosa izan zela 1986. urtera arte. 

Villosa ez zen enpresa huts bat izan, ez zen langileak enplegatu eta beira ekoiztera mugatu. Frankismo garaian oso hedatua egon zen “paternalismo industriala” aplikatu zuen fabrika horrek Laudion, herriko bizitza sozial zein kulturalean inplikazio handia izanez. Gauzak hala, enpresak Laudioko hainbat lursail eskuratu zituen langileentzako auzuneak eraikitzeko: Lateorrondon (‘Grupo Jesus Guridi’ izenarekin), Larrañon eta El Manzanalen (Ugarten), besteak beste.

Horrez gain, nabarmentzekoa da baita ere Laudio Ikastolaren ibilbidea Villosak Jose Arrue kalean zuen txalet batean hasi zela, eta egun hezkuntza zentroaren kokalekua den mendia ere zela Villosarena. 

Urteek aurrera egin ahala, zituen lursailetako asko saltzeari ekin zion Villosak, kasu askotan bertan bizi zirenei lehentasuna emanez. Joera hori gehiagora joan zen Guardian multinazionalak enpresa erosi zuenean.

Urteek aurrera egin ahala, baina, zituen lursailetako asko saltzeari ekin zion konpainiak, kasu askotan bertan bizi zirenei erosteko aukera emanez. Joera hori gehiagora joan zen Guardian multinazionalak enpresa erosi zuenean, gaur egungo egoerara iritsi arte. 

Baina orain, beira fabrika historikoa itxita eta labea itzalita, ikusteke dago zer gertatuko den Guardian Llodiori geratzen zaizkion 30 hektarea horiekin. Ikusteke dago ea beste proiektu industrial baten sorrera ahalbidetuko duen edo, kontrara, espekulaziorako baliatuko duen aukera. 

Horren inguruan galdetuta, erantzun argi bezain ezkorra eman zion Christopher Leonard kazetari estatu batuarrak Aiaraldea Komunikabideari, urtarrilean eskainitako elkarrizketan. Bere iritziz, "enpresarentzat errentagarria dena" egingo du Guardianek, "inbertsioa eta etekinak alderatuta". Leonarden hitzetan, parametro horren arabera erabakiko du Guardianek Laudioko bere jabetzak "erosle bati saltzea, abandonatzea edo galera gisa erregistratzea".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide