Orbeko Etxearen XXIV. urteurrena igandean hasiko da: liburu aurkezpenak, artisten erakustaldia, kontzertuak, haurrentzako ekintzak...

Erredakzioa 2025eko maiatzaren 30a

Tokiko artistek emanaldia eskainiko dute ekainaren 12an.

Igandean Euskal Herriko musika elektronikoari buruzko liburuarekin abiatuko dituzte ospakizunak, eta ekainaren 21era arte luzatuko da egitaraua.

Orbeko Etxeak 24 urteko ibilbidea beteko du ekainean eraikin okupatu gisa eta hamaika jarduerekin ekingo diote ospatzeari. Hiru asteko egitaraua prestatu dute horretarako eta adin guztien nahiak asetzeko eskaintza egongo da.

Igandean izango da lehen hitzordua, eta horretarako Mikel Urkixok idatziko Euskal Herria Underground: 1986-2015. Bidaia elektroniko bat liburua aurkeztuko dute. 12:00etan abiatuko dute solasaldia eta bermuta, herri bazkaria eta musika emanaldiarekin jarraituko dute, 20:00ak arte.

Tokiko artista protagonistak

Hurrengo ekintza ekainaren 12an izango da. Eskualdeko sortzaileek hartuko dute oholtza modu nahiko librean: Shashel Calderon olerkariak errezitaldia egingo du bibolinak lagunduta, Iaiaiai irrintzilari taldeak emanaldia egingo du eta Igor Arzuagak ere joko du. Hainbat disziplina ere uztartuko dituzte 19:00etatik aurrera.

Hurrengo egunean umeen txanda helduko da eta 17:00etatik aurrera Txiki Punk ekimena eskainiko diete gune anitzekin, tailerrekin, txokolate janarekin eta puzgarriekin.

Larunbata, aldiz, musikarako unea izango da. 17:30ean hasiko dira taldeak oholtzara igotzen eta muturreko soinuak jorratzen. Banden artean etxearekin harreman estua izan duten proiektuak egongo dira, Ira Et Decessus eta Fly Shit, esaterako. Troika, Korasek, Kiratxa, Xispa and The Wild Pigs eta Parentesis 536 taldeek ere joko dute.

Suberri

Ekainaren 16an Suberri gazte asanbladak arratsalde berezia eskainiko du, patin topaketa eta askaria iragarri baitituzte. 

Hurrengo egunean Enemigos del Imperio liburuaren aurkezpena aurreikusi dute. Halaber, errepresioaren kontrako txostenaren berri emango dute.

Ekainaren 19an, ostegunean, beste kontzertu bat antolatuko dute, Stone Leek talde japoniarrak punk eta hardcore doinu melodikoak eramango ditu Orbeko Etxera eta eurekin batera Erruki Jauna tokiko banda arituko da.

Orbeko Party

Azkenik, jai bitxia egingo dute ekainaren 21ean, larunbata. Bermuta, bazkaria eta bingo musikatuarekin batera, Crust Fit lehiaketa antolatuko dute, basket xtrem, igela, ping pong eta tokan jolasteko. 

Iluntzean, aldiz, queimadaren, DJ Peruren emanaldiaren eta Noizean Noise kolektiboaren musika saioaren txanda helduko da. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide