Aretako jaiek kolorea berreskuratu dute azken urteetan, bertako buruhandi eta hanka-luzeek herriko kaleak berriz ere hartu dituztenetik. Duela berrogei urte baino gehiago Aretan bertan sorturiko Kazkabeltz taldearen lekukoa hartu du Aretako gazte belaunaldi berri batek. Gazteek herri-nortasuna mantentzeko egindako ahaleginak saria jaso du, eta Aretako jaietako pregoilari eta txupinero izendatu ditu Aretako Jai Batzordeak aurten. Haiena izango da festetako lehen suziria piztearen ardura.

“Guk hasieran ez genuen dirurik kobratzen, gure afizioa zen eta gogoko genuelako aritzen ginen herriz herri
Festarik festa
Nandoren ahaleginez sortu zuten buruhandi eta hanka-luzeen animazio taldea 1980ko hamarkadan. Kazkabeltz taldearen izenarekin 18 eta 20 urte bitarteko lagun-kuadrilla bat elkartu, eta buruhandi eta hanka-luzeekin festarik festa ibiltzeari ekin zioten. Hilabetean behin, Aretako kaleak alaitzen hasi ziren aurrena, baina azkar zabaldu zen Aretako taldearen esistentziaren berri, eta inguruko herrietako jaietan parte hartzeko gonbitak jasotzen hasi ziren: Gasteiz, Laudio, Bilbo… Mozkotarrak konpartsa bilbotarrak Aste Nagusian zazpi egunez kontratatu zituen Aretako buruhandi eta hanka-paloak behin.Sopuertan egin zituzten buruhandiak, bakoitzaren truke orduko 35.000 pezeta ordainduta. Kike Aretako jaietako ikurraren figura erraldoia ere sortu zuen Kaskabeltz taldeak.

Urteak aurrera egin ahala geroz eta zailagoa egin zitzaion lagun-kuadrillari lana eta festen animazioa uztartzea: “Guk hasieran ez genuen dirurik kobratzen, gure afizioa zen eta gogoko genuelako aritzen ginen herriz herri. Adinez gora joan ahala, ezinezkoa egin zitzaigun animazio taldea eta gure lan-jardunak uztartzea”. Kaskabeltz taldeak buruhandiak eta hanka-paloak gorde zituen, ez ordea laguntasuna eta taldearen bueltan sorturiko harreman estuak.
Belaunaldi berriak
Urte luzez bete gabe geratu zen Kaskabeltz taldeak utzitako hutsunea, harik eta 2018an guraso talde batek, modu espontaneoan, Kultur Etxean gordetako buruhandiei hautsa kendu eta kalera atera ziren arte. “Laudioko Galtzagorri kuadrillakoak etortzen ziren buruhandiekin, baina Aretan oso aretarrak gara, eta ezin genuen hori onartu”, oroitu dute barre artean. Arrakasta ikusita 2019ko jai programan agertu ziren berriz Aretako buruhandiak. Belaunaldi berri batek hartu du hauek zaindu eta erabiltzeko ardura Hanka-luzeak 2023an berreskuratu zituzten, urte hartan ospatu zen Aretako Egunaren lehen edizioaren aitzakiapean. Kazkabeltz taldean aritutako Imanol Otxoak herriko gazte talde bati transmititu dio makilen gainean ibiltzeko teknika, eta honezkero hainbatetan atera dira Aretako zein Laudioko kaleetara. Buruhandiak ere aritu dira herriko mugetatik kanpo, Etxebarrin esaterako.
Ilusioz begiratzen diote Kaskabeltz taldeko kide diren Eladio Perezek, Imanol Otxoak eta Juan Ignacio Jimenezek lekukoa hartu duen gazte kuadrillari. Haiei dagokie orain Aretako buruhandi eta hanka-luzeen historiari kate begi berri bat jartzea.
