Ez zen aurrera atera Laudioko Udal Gobernuak asteleheneko Udal Osoko Bilkuran proposatutako kreditu aldaketa espedientea. Proposamenak EAJ zein Omniaren ezezko botoa jaso zuen, eta PSE-EE abstenitu egin zen.
Alderdi Jeltzaleak oharra plazaratu du bere jarreraren zergatia azaltzeko. Opozisioko taldearen aburuz, “dena edo ezer ez” dilema inposatzen saiatu da udal gobernu taldea, “milioi askoko operazio batean”. Zehaztu dutenez, 8,5 milioi euroko kreditu aldaketa planteatu dute plenoan, “aurretiazko negoziaziorik eta gardentasunik gabe”.
Ander Añibarrok salatu duenez, Udal Gobernuak “gauetik goizera” jarri zuen proposamena mahai gainean, eta ez die opozisioko taldeei “sakon aztertzeko” aukerarik eman. Gauzak hala, “jarrera despotiko eta harroa” baliatzea egotzi dio zinegotzi jeltzaleak gobernuari, “adostasunik eta azalpenik gabeko erabaki sakonak inposatzeko”.
Jeltzaleek azaldu dutenez, ados daude udalerriko “proiektu estrategikoetara” (Antzokia, Hornidura plaza, Alberto Aceroko merkatuaren eraikinaren desjabetzea…) bideratuko den diruarekin, baina nabarmendu dute 2 milioi gehiago sartu dituztela kreditu espediente aldaketa berean, “ehun partida baino gehiagotan” banatuta.
Gauzak, opozisioko taldeak azaldu du espedientea hainbat proposamenetan zatitzea eskatu ziola Udal Gobernuari, baino honek uko egin ziola.
Espedientea hainbat zatitan banatzea eskatu diote opozisioko taldeek udal gobernuari, partida bakoitza banan-banan bozkatu ahal izateko.
Gainera, 2024ko ekitalditik gauza asko ordaintzeke daudela salatu dute jeltzaleek, eta horrek eragin negatiboa duela Udalaren hornitzaileak diren udalerriko enpresa ertain eta txikietan. EAJren aburuz, pilatutako zorra 2 milioi euro ingurukoa izan daiteke. Horregatik, salatu dute “arduragabekeria” dela aurrekontua handitzea, “lehenik eta behin ordaintzeke dagoena ordaindu gabe”.
Omniaren eta PSE-EEren iritziak
EAJren antzeko argudioak baliatu zituen Omniak asteleheneko bilkuran bere aurkako botoa argudiatzeko. “Adostutako partidak adostu gabekoekin nahastea” leporatu zion Alvaro Barrios zinegotziak Udal Gobernuari, eta kreditu aldaketa hainbat proposamenetan zatitzea eskatu zuen, botoa banan-banan eman ahal izateko.
PSE-EEk ere bat egin zuen ideia horrekin, baina abstenitu egin zen bozketan, koherentzia mantentzeko udal aurrekontuei begira EH Bildurekin eginiko akordioarekin eta errespetu instituzionalarekin.
EH Bilduren iritzia
EH Bilduk plenoan bertan erantzun zien opozisioko taldeek eginiko adierazpenei. “Udalean ezer egiten ez denaren diskurtsoa” elikatu nahi izatea leporatu zion Iñigo Martinez Cerrillo zinegotziak EAJri. Ogasun, kontu-hartzailetza eta diruzaintza eta langileen sailetako arduradunak aldarrikatu zuen Udalak baduela dirua, “baina denbora ez”. Gauzak hala, ziurtatu zuen lanean jarraituko dutela akordioak lortzeko, baina “argi” izanda Udala eta proiektu estrategikoak “ez direla geldituko”.