Bost abestiz osatutako lana plazaratu dute Xabi Basterra eta Egoitz Uriarte musikariek. Bi lagunek mimoz eta maitasunez ekoiztutako diskoa. Bi lagunen arteko sintonia on hori da, hain zuzen ere, lanari izena ematen diona: Dos amigos.
Xabi Basterrak aurretik idatzitako zenbait abesti zahar bildu eta zuzeneko kontzertuetarako itxuraldatu zituzten, proposamen berri bat sortzeraino.
Cerdito Rosa Tour abiapuntu
Bi lagunek duela bi urte abiatutako Cerdito Rosa Tour kontzertu bira dago lan berriaren erroan. Ohikoan ez bezala, zuzeneko kontzertuen ondotik etorri da estudioko lana. "Normalean gauzak alderantziz izaten dira; lehenengo diskoa grabatzen da eta gero datoz kontzertuak", azaldu dio Xabi Basterrak Aiaraldea Komunikabideari.
Cerdito Rosa Tour hura pandemia ostean kalera irten eta gauza berriak egiteko aitzakia izan zela aitortu digu Basterrak. "Egoitz eta biok batera bizi ginen orduan, eta zuzeneko kontzertu txiki batzuk eskaintzen hasi ginen". Xabi Basterrak aurretik idatzitako zenbait abesti zahar bildu eta zuzeneko kontzertuetarako itxuraldatu zituzten, proposamen berri bat sortzeraino.
2023ko urtarrilean Aiaraldeko eta inguruko herrietako taberna eta areto txikietan hasi zuten kontzertu bira. Laudio, Urduña, Okondo, Basauri, Amurrio edota Bilbo bisitatu ostean Mexikora ere bidaiatu zuen bikoteak. Bertatik itzuli bezain pronto, zuzenekoetan eskaintzen zuten hura estudioko lan batean islatzea erabaki zuten bi lagunek.

"Ez gutxietsi inoiz kutrea izateak duen indarra"
Patxadaz grabatu dute Basterrak eta Uriartek Dos amigos diskoa, presarik gabe. 2023ko Gabonetan hasi ziren lanean. Behin lana amaituta, plataformetara igotzeko bi hilabeteko epea behar izan duela azaldu digu Basterrak barre artean.
"Bost hauek dira euren artean uniformeenak, gainerakoek ez zuten hain ondo enkajatzen"
Zazpi-zortzi kanta grabatu zituzten guztira, baina bost abestik soilik egin dute jauzi amaiera lanera. "Bost hauek dira euren artean uniformeenak, gainerakoek ez zuten hain ondo enkajatzen", azaldu du Basterrak. Abestiei buruz galdetuta, "kantu moñoñoen" ohiko estiloari eutsi diola nabarmendu du abeslari eta gitarristak.
Grabaketa prozesua ere goraipatu nahi izan du Basterrak. Uriarteren etxean grabatu zuten guztia "100 euroko mikrofono bat eta 80 euroko soinu-txartel bat" baliatuta. "Lelo bat daukagu Egoitzek eta biok: Ez gutxietsi inoiz kutrea izateak duen indarra".
Epe laburrerako inolako asmorik gabe egin dute publiko etxean goxo grabatutakoaren emaitza. Baina, entzuleen harrera ona ikusita, Basterrak ez du zuzenekoren bat edo beste eskaintzearen aukera baztertu. Halaber, ez da honakoa sortzaile laudioarrak esku artean duen proiektu bakarra. Matxekin batera Des(ez)berdin diskoa grabatzen ari da Aiaraldea Kooperatiba Elkarteko kultur ildoak eskainitako Aiaraldeko Sormen Bekari esker. Horrez gain, Javi Cepedarekin elkarlanean ere ari da Basterra.