190 etxebizitza eraiki nahi ditu guztira Laudioko Udalak Lipmesa lantegiaren lurretan. Horietako 80 izango lirateke alokairu sozialekoak eta 110, aldiz, erregimen librekoak.
Asteazkenean aurkeztu zuten proiektua Aretako bizilagunen artean, auzo batzar baten bidez, eta bertan eman zituzten egitasmoaren gaineko xehetasunak.
CELADA-UBIETA arkitektura estudioa arduratu da proiektuaren erredakzioaz. Udalaren hitzetan, egitasmoak "erabat" aldatuko luke Aretako herrigunearen egungo irudia.
Alde batetik, bi bloke eraikiko lituzkete geltokiaren alboan, arestian aipatutako 80 etxebizitza sozialak eta saltoki berrientzako espazioak hartuko lituzkeena. Horrez gain, plaza bat eraikitzea ere aurreikusi dute, eta horrek aukera emago luke geltokiarekin dauden irisgarritasun arazoak konpontzeko.

Errepidearen beste aldean, aldiz, 10 solairuko hiru dorre eraikitzea planteatu du Udalak, beste 110 etxebizitzekin. Azaldu dutenez, "familia gazteei zuzendutako sistema aurrefabrikatuekin" osatuko lituzkete bizitoki horiek, eta "terraza komunitario bat" ere atonduko lukete, "hirugarren sektoreko erabilera izango duen estalki berde ekologikoarekin".
"Nahiko azkar garatuko lirateke"
Ainize Gastakaren iritziz, "nahiko azkar" garatu ahalko litzateke egitasmoa, Lipmesaren lursailak jabe bakarrarenak direlako eta "urak hartzen ez dituen eremuetan" kokatuta daudelako. Hala ere, alkateak aitortu du "adostasun politikoa" lortu behar dutela gaineko alderdiekin.

1943. urtean sortu zen Lipmesa enpresa, eta 2013an itxi zuten. Orduz geroztik hutsik egon dira fabrikako azpiegiturak, baina haibat sute eratu dira bertan azken urteetan.