Asteazkenetik ostegunera bitarteko gauean erori zen Laudioko Udal Merkatuko sabaia. Ondorioz, bertako saltokiak itxita daude uneotan. Hala ere, matxura ez da izan hasieran pentsatzen zuten bezain larria. Gaur goizean kendu dituzte sabai zatiak eta, ondorioz, bihar goizean berriz martxan egotea da merkatarien asmoa, "ahal duten moduan". Horretarako, espazioa garbitzen igaroko dute ostiral arratsaldea, espazioa ahalik eta hobekien egon dadin.
Aiaraldea Komunikabidea merkatuan egon da gaur goizean bertako saltzaileekin hitz egiten. Merkatariek azaldu dute urtebete daramatela espazio berrian, eta gogora ekarri dute hasieran 40 egun inguru igaro zituztela geldirik, espazioak ez zituelako beharrezko azpiegitura guztiak martxan.
Hala ere, une honetan bertan pozik daudela aitortu dute, erosleek erantzun egin dutelako. Dena den, gogotsu azaldu dira baita Abasto plaza berriko espazioak estreinatzeko ere, eta eskaera bat luzatu diot Udalari etorkizuneko kokaleku horri begira: aire egokitu indartsua bermatzea. Izan ere, hotz kamara eta bestelako gailuek bero asko sortzen dute, eta une honetan 28 gradutan egiten dute lan.