Itxita jarraitzen du Abasto plazako merkatarien Zubiko Kurajoko kokaleku berriak. Saltokietako kideek iragan astean plazaratu zuten atzerapenaren berri emateko oharra, eta “aurreikuspen falta” leporatu zioten Udalari.
Udal gobernuak, bere aldetik, atzoko plenoan eman zituen gaiari buruzko azken albisteak, EAJk eginiko galderari erantzunez.
Ainize Gastakak azaldu zuen behin behineko aurreikuspena zela saltokiak ekainaren 17rako martxan egon ahal izatea kokaleku berrian, eta ziurtatu zuen Udaletik egin beharreko lan guztiak egin dituztela horretarako. Alkatearen hitzetan, “aurreikusi ezin zitekeen” gauza bat dago atzerapenaren atzean: “Iberdrolak obra bat egin behar duela eta oraindik ez duela egin”.
Gobernuburuak aurreratu zuen enpresa hori printzipioz gaur bertan bertaratuko zela lanak abiatzera, baina ez zuen balizko irekiera datarik zehaztu. “Behin hori gertatzen denean espero dugu ahalik eta arinen irekitzea, baina jakin arte Iberdrola noiz hasten den lanean ezin dugu irekiera datarik zehaztu”.
Abasto plazako obrei dagokionez, aurreikusitako erritmoan doazela aipatu zuen Gastakak.