Kultur sorkuntza Aiaraldean

"Prozesu sendatzailea da idaztea"

Txabi Alvarado Bañares 2025eko ekainaren 27a

Irune Ibarretxe Llaguno bere liburuarekin, Kulturlaben lokalaren aurreran. / Aiaraldea.eus

Los Maltratados eleberria aurkeztuko du IRUNE IBARRETXE LLAGUNOk gaur Laudioko Kulturlaben lokalean, 19:00etan. Con M de mujer argitaletxearen plazaratu du liburua.

Duela bederatzi urte argitaratu zenuen zure lehen liburua, eta bigarrena plazaratu duzu orain. Denbora asko igaro da batetik bestera. 

Oso oinarrizko ideia batetik sortu da liburua. Eleberri bat egitea erabaki nuen, baina ondo egin nahi nuen, inolako presarik gabe. Bi haur ditut, jardunaldi osoko lana… libre topatu ditudan tarteetan joan naiz idazten, eta horregatik baliatu ditut bederatzi urte. Horrez gain, hainbat gairi buruz irakurtzen igaro nituen lehen urteak, liburuan jorratu nahi nituelako. Bederatzi urteko prozesua izan da orotara. 

Gauza asko aldatu daitezke bederatzi urtetan. Nola mantendu duzu liburuaren idazketarekiko motibazioa?

Bizitzako une zail bat igarotzen ari nintzen, eta idaztea terapeutikoa izan da beti niretzat. Pisu guztia nik eraman ordez, pertsonaia bat asmatu eta paperean uzten dut zamaren zati bat. Hori funtsezkoa izan zen niretzat, eta hortik aurrera pertsonaia osoa bisualizatu eta garatu nuen. Sufrimendu bat asmatu nuen berarentzat, nik nuenarekiko ezberdina. Hortik abiatuta joan nintzen garatzen. Erabateko terapia izan zen, psikologora joatearen modukoa. Idazten jartzen nintzen eta istorioa garatzen zihoan, eta balio zidan nire arazoetatik ihes egiteko. 

"Pisu guztia nik eraman ordez, pertsonaia bat asmatu eta paperean uzten dut zamaren zati bat"

Eta horrela bederatzi urte.

Hori da. Prozesu zinez osagarria izan da. 

Emaitza baino, prozesua da orduan garrantzitsuena liburuan?

Erabat, zalantza izpirik gabe. 

Antzezlanak ere idatzi eta taularatu dituzu. Zeren arabera erabakitzen duzu istorio bat antzezlan edo eleberri bihurtu?

Hasieratik dut argi formatua. Eleberria idaztean protagonistan bilakatzen naiz, eta bere azaletik bizi dut istorioa, lehen pertsonako narrazioarekin. Antzerkia egitea ere izan zen behar terapeutiko bat, beste pertsonaia batean bilakatzeko, baina modu fisikoan, eszenatoki baten gainean, ez paperean. Bi formatuak sortzen dira eraldaketa-beharretik, baina kasu bakoitzean argi izan dut oholtza batean edo paperean garatu behar nuen. 

Literatura hazkuntza pertsonalerako bide bat da zuretzat, beraz.

Erabat, prozesu sendatzailea da idaztea. Beti esaten diot hori jende orori, baina nire buruari ere gogorarazten diot, beti funtzionatzen didalako. Horregatik gomendatzen dut.

Horrez gain, beti gustatu izan zait istorioak eta pertsonaiak asmatu eta garatzea. Kazetari, idazle eta irakaslea naiz, eta oso gogoko dut hori transmititzea nire ikasleei. Modu intentsuan bizi dut, eta denbora librea edo oporrak ditudanean horretara jartzen naiz, irakurri zein idaztera. Asko gozatzen dut baita irakurri edo antzerkia ikusten, modu berean. 

"Antzerkia egitea ere izan zen behar terapeutiko bat, beste pertsonaia batean bilakatzeko, baina modu fisikoan, eszenatoki baten gainean, ez paperean"

Zer topatuko du irakurleak eleberri honetan?

Lehen iritziak jasotzen ari naiz apurka-apurka. Harritzen ari naute. Gauza asko gertatzen dira nobelan, telesail bat izan ahalko litzateke, badu akzio eta giza sentimendu asko. Harritu egingo da irakurlea, toki guztietatik. Istorioak baditu biraketak, baina denak du leitmotiv bat, zergati bat. Denak darama protagonistaren garapenaren bidera. 

Pertsonaiak istorioak berak baino pisu gehiago duela dirudi.

Hori da, protagonistaren sufrimendu eta bilakaerak du pisu gehien. Gainontzeko pertsonaiak bigarren mailakoak dira, protagonista laguntzeko pentsatutakoak. 

Erresilientzia istorio bat da Los Maltratados. Sufrimenduari buruzko entsegu bat da, baina baita maitasunari oda bat ere. Horrela definituko nuke. Beti deitu nau arreta nola den gai gizakia egoerarik muturrenekoan ere edertasuna ikusteko, nazien kontzentrazio esparruetan kasu. Ildo horretan, Viktor Franklen Gizakia zentzu bila liburua inspirazio iturri garrantzitsuenetako bat izan da niretzat Los Maltratados idazterako orduan.

"Sufrimenduari buruzko entsegu bat da, baina baita maitasunari oda bat ere"

Liburuak harrera ona izan duela esango zenuke?

Bai. Ikusten ari naiz jendeak sumatzen dituela gauza batzuk nik espero ez nituenak, baina gogoko ditudanak. Dena dela, momentuz oso iritzi gutxi jaso ditut, liburua argitaratu berri delako. Esperoan nago. 

Laudion aurkeztuko duzu liburua ostiral honetan. Zein da zure asmoa hemendik aurrera?

Badut Gasteizen zein Bilbon ere aurkezteko asmoa, irailean seguraski. Horrez gain, ez dut beste aurkezpenik buruan. 

Ez dut planik etorkizunera begira, inprobisatzen noa. Orain, udan, gauza asko irakurri nahi ditut, eta bidean ideia asko bururatzen zaizkit. Joango naiz ikusten ea ideia horiek zertan amaitzen duten, baina ez dut ezer finkorik. 

"Asko inspiratzen naute nire inguruan gertatzen diren kontuek, gauza txikienetatik hasita"

Idazten edo irakurtzen, zertan igarotzen duzu denbora gehiago liburu bat sortzerako orduan?

Erdibana esango nuke. Uste dut asko irakurri behar dela idatzi ahal izateko. Oso garrantzitsua da dokumentatzea, eta oso entretenigarri eta zirraragarria suertatzen zait. Idatzi nahi dudanari buruz irakurtzen dut lehenbizi; ondoren, dudan informazioarekin, nirea egiteko. 

Ez da soilik idaztea. Berridaztea ere bada eleberria sortzearen prozesuaren parte. Istorioa ondo geratu dadin berriro itzuli behar zara xehetasunetara, testuingurua eman… Pentsatzen ere igarotzen ditut uneak, apunteak hartzen edo audioak grabatzen… nahiko banatua dago lana, ez da soilik idaztea. 

Asko inspiratzen naute nire inguruan gertatzen diren kontuek, gauza txikienetatik hasita. Baina gauza asko ere imajinatzen ditut. Nahasketa bat da, buruarekin indartu egin behar dena aurrera atera dadin. Sinetsi egin behar duzu egiten duzun horretan. Batzuetan asko jotzen dugu gure buruak sabotatzera. Uste dut garrantzitsua dela hori ez egitea, eta norberean sinestea.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide