Faktoriak ez du atsedenik hartuko uztailean eta hainbat kultura jardueraz gozatzeko aukera egongo da Laudioko Gardea auzoan kokatutako pabilioian datozen asteetan, doan, ostegunero.
Iragan astean Sormen Beken Jaialdia egon zen. Aste honetan, aldiz, Alperrikako Bizien Jabe taldeak hartuko du Faktoriako oholtza, arratsaldeko zortzietatik aurrera. Aiaraldeko eta Izarrako hiru musikarik osatzen dute taldea, eta kritika sozialez betetako letrak plazaratzen dituzte, ahotsa, kitarra eta sintetizadoreak baliatuta.
Datorren asteko ostegunean, aldiz, sormen egonaldien saio irekia egongo da, 19:00etan, Nerea Castaño eta Handyren eskutik. Uztailaren 24an, aldiz, Site especific antzezlana eta solasaldia eskainiko ditu Eneritz Artetxek, astebete lehenago (hilaren 16an) antzerki fisikoari buruzko ikastaroa eskaini ostean.
Gainera, Faktoriako kantina zabalik egongo da ostegun guztietan, jateko eta edateko eskaintza agroekologikoarekin.
Kultur ekitaldietatik harago, bestelako ekimenak ere antolatu dituzte uztailerako. Bihar (uztailak 8) bizikleta ginkana egingo du Kokoriko Hezkuntza Faktoriak 18:30ean. Uztailaren 9 eta 23an, aldiz, saltxa dantzatzen ikasteko saio irekiak egongo dira Laura Penagosekin, eta familientzako udako sukaldaritza ikastaroa 22an, hau ere Kokorikoren eskutik.
