Aretako jaiak ez dira soilik parrandarako eremua, kirolerako beta ere eskaintzen dute eta. Horren adibide argiena Areta Trail Lasterketa da. Inguruko mendiak zeharkatzen dituen proba VII. ediziora helduko da uztailaren 26an 18:30ean.
Kirolariek 13 kilometroko ibilbidea beteko dute, 750 metroko desnibelarekin eta antolatzaileek bi horniketa puntu prestatuko dituzte bidean, lasterkariak hidratatuta eta sasoian egon daitezen.
Parte-hartzaile kopurua mugatua da eta esteka honetan egin daiteke izen-ematea uztailaren 23ra arte, 15 euroren truke. Oraindik tokia egonez gero, egunean bertan bete daiteke inskripzioa 20 euro ordainduta.
Hirugarren aukera ere egongo da. Izan ere, Aiaraldea Komunikabideak dortsal bat zozkatuko du uztailaren 15ean, 15:00etan. Interesdunek hemen eman dezakete izena.