Abuztuaren 15etik 17ra eta 27tik 31ra bitartean ospatuko dituzte sanrokeak Laudion eta jadanik zabaldu dute nortzuk izango diren pregoilariak eta txupineroak.
Pregoiaren irakurketa Eskolania ArteOn abesbatzak egingo du. “Aurten gure gazteen ahotsak izango ditugu jaietako mezua zabaltzen. Beti bezala, lan-taldeak aukeratutakoak izan dira”, argitu du Sonia Respaldiza Jaietako zinegotziak. Txupina, aldiz, Baldarrak kuadrillak jaurtiko du.
Musika protagonista
Soziedad Alkoholikak abuztuaren 28an joko duela ere aipatu dute gaur eta jadanik aurretik iragarri zuten abuztuaren 16rako, San Roke egunerako, Chambao taldea egongo dela; San Rokezar egunean Su Ta Gar talde euskalduna, eta abuztuaren 29an Bulego taldea.
Berrikuntzen artean, nerabeentzat zuzendutako kontzertu gehiago izango dira, eta pertsona nagusiek dantzaldiak izango dituzte arratsaldero.
Halaber, haurrentzat ere berrikuntzak dakartza aurtengo programak; puzgarri, tailer eta hainbat ekintzekin Gazteen egunean. “Goizetik gauera arte hainbat ekintza izango dituzte eurentzat, jaiak guztionak direlako”, gogoratu du Respaldizak.
Gauzak horrela, eta herria girotzeko, buruhandiak izango dira egun guztietan, Aretakoak barne, txikiek gozatu ahal izateko. Horrez gain, eta nerabeen eskakizunak betez, orientazio jokoak antolatuko dira ere.
Kanpoko gonbidatuak
Sanrokeek nazioarteko presentzia izango dute ere castells eta fadoen erakustaldiarekin abuztuaren 16an.
Horrez gain, abuztuaren 23ko lehiaketa gastronomikoez gain, auto maitaleek hitzordu bat izango dute Zumalakarregin arratsaldeko 16:00etan, ibilgailu klasikoen eta kirol-ibilgailuen II. kontzentrazioarekin, San Roke Racing elkarteak antolatuta.
Jarduera herrikoiek beren protagonismoa izaten jarraituko dute: 29an Baserritarraren Eguna ospatuko da eta hurrengo egunean odolki ospetsuek beren usaina zabalduko dute Laudioko kaleetan zehar. Herri kirolak, hainbat espezialitateetako lehiaketa gastronomikoak eta txapelketa tradizionalak ere ez dira faltako; ezta kuadrillek antolatutako ekintzak ere.
"Gure jaiak inklusiboak, irisgarriak, berdintasunezkoak, parte-hartzaileak eta, batez ere, errespetuzkoak eta toleranteak dira; espero dugu gure herritarrek, eta bisitatzen gaituztenek ere, hala bizitzea", goraipatu du Ainize Gastaka alkateak.
Indarkeria sexistarik gabeko jaien alde
Jaiak edozein motatako indarkeriarik gabeko guneak izan daitezen, eta "Beldur Barik jarrera" indartzeko asmoz, hainbat karpa informatibo jarriko dira Batzalarrin kalean: abuztuaren 15ean (19:00etatik 23:00etara), eta abuztuaren 28, 29, eta 30ean (22:00etatik 2:00etara).
Bertan, genero eta sexualitate gaietan aditu diren profesionalak izango dira eraso matxista edo LGTBIQ+fobikoen aurrean babes fisikoa, laguntza psikologikoa edota aholkularitza juridikoa emateko.
Era berean, informazio eta sentsibilizazio gune zabal bat egongo da eskuragarri. Sexualitateari buruzko galdetegiak, aholkularitza pertsonalizatua eta parte-hartzaileentzako opari erotikoak banatuko dira, pertsona guztientzat egokiak eta erabilgarriak izateko pentsatuak. “Herriko jaiak guztiontzat seguruak, askeak eta parekideak izateko lanean jarraituko dugu”, amaitu du Respaldizak.