Atzo ere, 19:00etatik 21:00etara, Ondo Etorri harrera sareko zenbait kidek mahaia jarri zuten kale egoeran bizi diren herritarrekin harremanetan jartzeko. Ekimenean aritzen den kide batek azaldu duenez, "elkar ezagutza eta euren beharren berri izatea da topagunearen helburua".
Izan ere, Euskal Autonomia Erkidegoko 30 udalerritan iazko urrian egindako zenbaketaren arabera, 15 herritar daude Laudion kale egoeran bizitzen. Dena den, Ondo Etorrik uste baino egoera okerragoa topatu du. "Lehen bi asteetan egoera zaurgarrian zegoen pertsona bakarra edo bizpahiru bertaratu ziren, baina pasa den astean hamar lagun baino gehiago izan ziren", azaldu dio Aiaraldea Komunikabideari sareko parte-hartzaile batek.
Berez, uda osoan jarraituko dute egitasmoarekin eta agertzen diren beharren arabera moldatuko dute jarduera. Izan ere, kalean bizitzera behartua dagoen jendearen profila eraldatu da azken urteetan. Gaur egun, gazte migratuena da kasu ohikoena eta topatzen dituzten oztopoak ugariak dira, sareak ekainean argitu zuenez: "Egoera administratibo irregularrak, errolda edota lana lortzeko trabak, osasun zein hezkuntza zerbitzuetara heltzeko zailtasunak eta abar luze bat”.
Gauzak horrela, Ondo Etorrik helburu bikoitz bati heldu nahi dio. Alde batetik, “bidelagun” izan nahi du kale egoeran bizi diren bizilagunentzat, “euren orainaren eta etorkizunaren eraikuntzan”.
Bestetik, “jarrera eta mugimendu arrazista zein xenofoboen aurka” ere egin nahi dute borroka. “Laudio beti izan da Harrera Herria, eta horrela izaten jarraituko du, edo ez da izango”, aldarrikatu dute.
Herritarren mugimendu horretan parte hartu nahi duenak, ateak irekita ditu eta ostegunetan Laudioko plazan jartzen duten mahaira bertaratu daiteke.