Areta Trail lasterketako antolakuntzak adierazi dio Aiaraldea Komunikabideari oso pozik dagoela aurtengo edizioak izango duen parte hartzearekin. Izan ere, zeuden 200 dortsalak eskuratu dituzte kirolariek eta, ondorioz, larunbatean ezingo dituzte izen-emate gehiago onartu.
Dena den, poztasuna da nagusi antolatzaileen artean, lehen aldia baita dortsalak agortzen direla. Horien banaketa 16:00etan hasi eta 17:30ean amaituko da larunbatean bertan, proba 18:00etan abiatuko baitute. 18:05ean, aldiz, umeen txanda helduko da.
Gogoratu beharra dago Aiaraldeko Mendiak Bizirik plataformak bi euro jasoko dituela dortsal bakoitzeko, Areta Traileko sustatzaileek horrela erabakita.
Ibilbidea gaur
Interesdunek ibilbidea ezagutzeko parada izango dute gaur, 18:00etan hitzordua jarri baitute horretarako Kultura Etxean.
Halaber, xehetasun gehiago eskaini dituzte gaur bertan lasterketari dagokionez, hala nola sariak, edota dutxak non egongo diren ere (Areta Herri Eskolan, alegia).

Bestelako argibideak ere zabaldu dituzte eta kirolariei jakinarazi diete euren edalontzia eraman beharko dutela horniketa puntuan baliatzeko.