Badoaz urratsak egiten Aretako Kultur Etxeko taberna berriz irekitzeko. Udalak lizitaziora atera du espazioaren ekipamendua. Hiru enpresa aurkeztu dira, eta Hostelco S.L.-k lortu du puntuazio altuena, 23.799 euroko eskaintza ekonomikoa eginda. Hala ere, esleipena formalizatu egin behar da oraindik.
Diru horrekin, taberna zein jatetxe zerbitzua eskaintzeko beharrezko tresna eta altzari guztiak jarri beharko ditu enpresak, Udalak lizitazioan emandako jarraibideak baliatuta.
Behin hori eginda, tabernaren kudeaketa lehiaketara ateratzea izango da hurrengo urratsa, Udalaren jabetzako beste azpiegitura batzuetan (Ermualdeko Zura jatetxean, kasu) eskaintzen denaren antzeko zerbitzua emateko.
Modu horretan, atezaintza zerbitzua ere bermatuko litzateke. Izan ere, azken urteetan Kultur Etxeko kideen esku geratu da espazioaren kudeaketa osoa. Eurak arduratu egin dira atea ireki eta ixteaz tailerrak, bilerak edo bestelako ekintzak egon direnean.