Azkenean bai, txapelketa gastronomikoa antolatuko du larunbat honetan Rakataplak, urteroko zitari eutsiz. Elkarteko kideek azaldu dutenez, “azken egunotan jasotako herri babesari esker” hartu dute erabakia, aurrera jarraitzeko “indarra eta motibazioa” eman dielako. “Bihotzez eskertzen ditugu udalerriko auzokideen, kuadrillen, eragileen eta Suziri Jai Batzordearen animo adierazpenak”, nabarmendu dute, “bultzada hori gabe, ziurrenik ez ginateke lehiaketa egingo dela iragartzen ariko”.
Dirulaguntzarekin gertatutakoen inguruko azalpenak ere eman dituzte. Zehaztu dutenez, abuztuaren 12ko arratsaldean jaso zuten diru-partidaren %80a, 18.353,4 euro, herriko jaiak hasteko “egun gutxi falta zirenean” eta txapelketa “bertan behera uzteko komunikatua publiko egin ondoren”.
Nabarmendu dutenez, diru horrekin ez da txapelketa gastronomikoa soilik finantzatzen, baita Rakataplak urtean zehar egiten dituen beste jarduera guztiak ere: Danborrada, barraskilo dastatzea eta Errege Magoei lotutako jarduerak. Horregatik, hemendik aurrera dirulaguntzak “garaiz eta behar den moduan izapidetzea” eskatu dute, “ekitaldiak lasaitasun handiagoz eta ezustekorik gabe landu eta planifikatu ahal izateko”.
Rakataplako kideek hitzetan, “Laudioko kultura eta jai-bizitzan parte hartzen jarraitzea” dute interes bakarra, “gure jaiaren, tradizioen eta kultura laudioarraren alde gure aletxoa eskainiz”. Gauzak hala, larunbateko zitan parte hartzeko deia luzatu dute. “Lehiaketa hau ez da Rakataplarena bakarrik, herri osoarena baizik”, aldarrikatu dute.