2010ko hamarkadaren hasieran sanrokeak ezaugarritu zituen jarduera bat izan zen Made in Laudio. Planteamendu sinplea zuen ekimenak: tokiko ikuskizun bat eskaintzea jaien testuinguruan, herritarrek eurek ekoiztu edo taularatutako pieza umoretsuekin. 2010an egin zuten lehen edizioa, eta 2013an utzi zioten antolatzeari, parte hartze beherakadatik.
Baina hazia ereinda zegoen, eta orain, hamabi urte beranduago, jaietara itzuliko da egitasmoa, herriko gazte talde baten eskutik.
Ugarteko jaietan iragarri zuten ekimena, horretarako berariaz prestatutako bideo bat proiektatuta kontzertuen eta DJen arteko etenaldian:
“Barne gogo” batetik sortu da Made in Laudio berreskuratzearen ideia, antolatzaileek Aiaraldea Komunikabideari adierazi diotenez. Oso gazteak ziren ekimena martxan zegoenean, gazteegiak bertan parte hartzeko (eta, seguru asko, baita bertan plazaratzen ziren zenbait txiste entzuteko ere). Hala ere, oroitzapen ona dute garai horietatik. “Sortzen zen komedia bat oso herrikoa, oso nitxoko txisteekin, eta hori berreskuratu nahi dugu”, azaldu dute.
Hala ere, ez dute nostalgia ariketa huts bat egin nahi. Gaur egunera ekarri nahi dute eta, horretarako, hainbat aldaketa egingo dituzte formatuan. Besteak beste, “euskararen presentzia askoz nabariagoa” izatea nahi dute, “erabatekoa ez bada”. Horrez gain, “zerbait korala” izatea dute helburu, “bizpahiru kuadrillaren arteko kontu bat” izan ez dadin. Horretarako, jaietan dauden eragile zein norbanako guztiei luzatu diete bideo umoretsuak ekoiztu eta bidaltzeko gonbita, horretarako berariaz sortutako Instagram kontuaren bidez.
“Euskararen presentzia askoz nabariagoa” izatea nahi dute, “erabatekoa ez bada”.
Kokalekua ere aldatuko dute. 2010, 2011 eta 2012ko edizioak Herriko plazan egin ziren bitartean, aurtengoak Txosnagunea izango du kokaleku. “Kuadrillen arteko elkargunea” delako aukeratu dute espazio hori, “zerbait intimoagoa” egiteko aukera ematen duela iritzita.
Berakatz egunean izango da zita, abuztuaren 27an, 21:30ean. Ordu eta erdiko tartea dute, baina oraindik ez dakite ekimenak zenbat iraungo duen, jasotzen duten materialaren araberakoa izango delako. “Guk muntatuko ditugu bideoak bata bestearen atzetik, eta tartean agian sorpresatxoren bat prestatzen dugu”, aurreratu dute, “orain, jaien arteko inoizko geldialdirik luzeena dugula baliatzen ari gara dena prestatzeko”.