Maderas de Llodio greba mugagabean

Kaleratze kolektiboa ezarri nahi dute Maderas de Llodion

Txabi Alvarado Bañares 2025eko irailaren 2a

Maderas de Llodio enpresaren kanpoaldea, artxibo irudi batean. / Aiaraldea.eus

Atzoko bileran helarazi zioten asmo hori Enpresa Batzordeari, eta irailaren 9rako deitu dute hurrengo bilera. Fabrikak 151 behargin ditu gaur egun, baina ez dute zehaztu zenbat kaleratuko lituzketen.  

Kaleratze kolektiboa ezarri nahi dute Maderas de Llodion. Hala jakinarazi zien atzo zuzendaritzak Enpresa Batzordeko kideei, hauek komunikatu batean salatu dutenez. 

Azaldu dutenez, "langileen egonkortasuna arriskuan jar dezaketen beste neurri batzuk" ezartzeko asmoa ere helarazi du enpresak, baina beste inolako zehaztasunik eman gabe. Hau da, gaur gaurkoz, ez dute jakinarazi zenbat langile kaleratuko lituzketen (fabrikan 151 pertsona daude gaur egun lanean). Irailaren 9an egingo dute hurrengo bilera. 

Enpresa Batzordeak "oso larritzat" jo du enpresaren jakinarazpena, "uztaileko azken asteetan hitzarmenaren negoziazio-prozesu bete-betean" zeudela eta hainbat puntutan aurrera egiten ari zirela nabarmenduta. Gauzak hala, elkarrizketaren dinamika haustea leporatu diote konpainiari, "zuzenean langileen etorkizunaren aurka". 

Komunikazioa egiteko modua ere "onartezina" dela uste dute sindikatuek, "bilerarik aurrez deitu gabe, xehetasun handirik eman gabe eta plantan zeuden ordezkariei modu inprobisatuan helaraziz".  Euren iritziz, jokabide horrek "errespetua eta lan-harremanetan egon behar den gutxieneko formaltasuna" urratzen du.

Horren aurrean, Enpresa Batzordeak "argi" utzi nahi izan du ez duela kaleratzerik onartuko eta mota horretako edozein neurriren aurka borrokatuko dela.  Gauzak hala, kaleratze kolektiboaren prozedura bertan behera uztea eskatu diote enpresari, eta jakinarazi dute beharginen batzarra deituko dutela datorren astean, "egoeraren berri emateko eta neurri honi erantzun kolektibo egokia artikulatzeko". 

Laudioko enpresa historikoetako bat da Maderas de Llodio. Kooperatiba izan zen, baina 2018an erosi zuen Garnica taldeak. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide