Maderas de Llodioko langileek zehaztu dute nolakoak izango diren deitu dituzten bi greba egunak. Asteartean, kaleratze kopurua 39 langileena izango zela jakin bezain pronto, aurreratu zuten irailaren 16an eta 18an -hurrengo asteko asteartea eta osteguna- izango zirela lehenengo mobilizazioak, gehiago antolatzea aurreikusi baitute.
Astearten zein ostegunean piketeak egongo dira 05:00etan, 13:30ean eta 21:30ean, hau da, txanda bakoitzeko aldaketan. Horrez gain, bi elkarretaratze egingo dituzte. Asteartean lantegiaren aurrean jarri dute hitzordua 12:00etan. Ostegunean, aldiz, ordu berean batuko dira herriko plazan.
Mobilizazioekin aurrera kaleratzeak ez badituzte bertan behera uzten
LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuek osatzen dute Maderas de Llodio konpainiako langile batzordea. Euren asmoa da mobilizazioekin jarraitzea Garnica taldeak kaleratze mehatxuak indargabetu arte.
Izan ere, beharginen ordezkariek salatu dute uztailean bete-betean zeudela hitzarmen berria negoziatzen eta aurrera pausoak egiten. Euren aburuz, iragarritako erabakia prozesu osoa saboteatzeko ahalegina da.