Maderas de Llodio greba mugagabean

39 langile kaleratu nahi dituzte Maderas de Llodion, eta beharginek greba egunekin erantzungo dute

Txabi Alvarado Bañares 2025eko irailaren 9a

Enpresak jakinarazi du ekoizpenaren zati bat beste lantegi batera eraman nahi duela. 

39 langile kaleratu nahi ditu Maderas de Llodiok. Hala jakinarazi die enpresako zuzendaritzak Enpresa Batzordeko kideei, "produktibitate eta antolaketa kausak" argudiatuta. Azaldu dutenez, Garnica taldearen beste lantegi batzuetara eraman nahi dute ekoizpenaren zati bat (egurrezko ohol zehatz batzuk egiteaz arduratzen dena). 

Enpresa Batzordeak, bere aldetik, jakinarazi du ez duela kaleratzerik onartuko, eta bi greba egun deitu ditu irailaren 16 eta 18rako, ohartarazita "mobilizazio eta greba" gehiago egingo dituztela zuzendaritzak atzera egiten ez badu.

Beharginen ordezkariek azaldu dutenez, atzo egin zuten langile asanblada eta bertan hartu zuten erabakia. "Enpresari adierazi diogu gure helburu bakarra hitzarmen kolektiboaren negoziazioa berreskuratzea dela, baina soilik kaleratze horiek bertan behera utzita, plantilla osoarentzako kalte larri bat suposatzen dutelako", azaldu dute, Maderas de Llodion "inor soberan ez dagoela" nabarmenduta. 

Bi greba egun egingo dituzte datorren astean, eta gehiago deituko dituzte zuzendaritzak atzera egiten ez badu. 

Duela astebete jakinarazi zien zuzendaritzak Enpresa Batzordeko kideei kaleratze kolektibo bat burutzeko asmoa zuela, baina neurri horren dimentsioa zehaztu gabe. Gaur eguerdian egin dute bilera, eta bertan eman du enpresak bere asmoen berri. Sindikatuek gogorarazi dute "uztaileko azken asteetan hitzarmenaren negoziazio-prozesu bete-betean" zeudela zuzendaritzarekin, eta hainbat puntutan aurrera egiten ari zirela. Gauzak hala, elkarrizketaren dinamika haustea leporatu diote konpainiari, "zuzenean langileen etorkizunaren aurka" joz. 

Bederatzi ordezkariko Enpresa Batzordea

Hiru ordezkari ditu LABek Maderas de Llodioko Enpresa Batzordean, eta bina ELA, CCOO eta UGTk. Sindikatu abertzaleko kideek berretsi dute ez dutela inolako lanpostu galerarik onartuko eta, horretarako, ezinbestekotzat jo dute "ekintza sindikala aktibatzea". ELAk ere uste du "irmo" erantzun behar zaiela enpresaren asmoei, "mobilizazio eta greba gehiagorekin". 

5 milioi euroko inbertsioa iragarri zuen Garnicak 2022an Laudioko lantegian.

5 milioi euroko inbertsioa

Laudioko enpresa historikoetako bat da Maderas de Llodio. 1982 urtean hasi zuen bere ibilbidea, eta 2018. urtean eskuratu zuen Garnica enpresa taldeak. 

2022a urte mugitua izan zen Laudioko lantegian. Garnicak iragarri zuen 5 milioi euroko inbertsioa egingo zuela Laudioko lantegian. Pinuz eginiko kontratxapatuaren ekoizpen gaitasuna handitu nahi zuten modu horretan, dibertsifikazio estrategia berri bat garatzearekin batera. 

Martxoa eta apirilean sute bana egon ziren fabrikan. Dena den, gertakari ikusgarriak izan ziren arren, kalteak ez ziren berebizikoak izan, eta maiatzean itzuli ziren beharginak lanera. Urrian Carlyle Group inbertsio funtsa bilakatu zen Garnica taldearen akziodun nagusia, ICG funtsak zuen tokia hartuta. Azaroan, aldiz, enplegua aldi baterako erregulatzeko espedientea aurkeztu zuen zuzendaritzak, martxoaren 31ra arte indarrean egon zena.  

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide