Ez da langilerik sartu gaur goizean Maderas de Llodio-Garnican, Enpresa Batzordeko kideek jakinarazi dutenez. Gauzak hala, erabateko jarraipena izaten ari da zuzendaritzak iragarritako 39 kaleratzeen aurka deitutako lehen greba eguna, momentuz behintzat.
13:30ean eta 21:30ean ere egingo dituzte piketeak, ordu horietako txanda aldaketetan. Horrez gain, eguerdiko hamabietarako ere elkarretaratzea deitu dute fabrikaren sarreran.
Bertako langileak ez ezik, inguruko beste fabrika batzuetakoak ere batu dira piketera.
Goizeko bostetan hasi dira beharginak biltzen lantegiko sarreran. Bertako langileak ez ezik, inguruko beste fabrika batzuetakoak ere batu dira piketera, Tubacex, JEZ-Voestalpine edota Aiala Vidriokoak kasu.
5:30ak pasata hasi da giroa animatzen. Langileek musika ekipoa jarri dute lantegiko sarreran, eta bestelako elementu batzuk ere eraman dituzte gunea atontzeko, karpa edota aulkiak kasu. Pegatinak ere banatu dituzte bertaratutako guztien artean.
Ostegunerako deitu dute bigarren greba eguna, antzeko dinamikarekin: piketeak egingo dituzte txanda aldaketa guztietan (5:00etan, 13:30ean eta 21:30ean) eta eguerdiko hamabietan Herriko plazara jaitsiko dira bertan elkarretaratzea egiteko. Arratsaldeko zazpietan, aldiz, eskualdeko mobilizazioa egingo dute, Eroskiko biribilgunetik hasita.