Lantegiko atarian elkarretaratzea egin dute Maderas de Llodio-Garnica enpresako beharginek, konpainiaren zuzendaritzak burutu nahi dituen kaleratze eta murrizketen aurka. Iragan astean jakinarazi zuen Garnicak Laudioko fabrikako 39 langile kaleratzeko asmoa, eta horren aurrean bi greba egun deitu ditu langile batzordeak aste honetarako.
Gaurkoa dute lehen lanuzte eguna, eta deialdiaren jarraipena erabatekoa izan da momentuz, sindikatuek Aiaraldea Komunikabideari jakinarazi diotenez. 5:00etan egin dute lehenengo piketea eta ez da beharginik sartu azpiegituretara.
Ostegunean helduko diote bigarren protesta egunari. Gaur bezala, piketeak egingo dituzte 5:00etan, 13:30ean eta 21:30ean. Horrenbestez, eguerdiko mobilizazioa Laudioko herriko plazan egingo dute, azoka eguna probestuz. SOS Aiaraldea plataformak ere mobilizazioa deitu du datorren irailaren 18rako, Enpresa Batzordearekin batera. Manifestazioa 19:00etan abiatuko da Eroskiko biribilgunetik.