ERREPORTAJEA

Eraso matxistak: errotzetik lerratzera

Izar Mendiguren Cosgaya 2025eko irailaren 19a

Odoloste eguneko gertakariak salatzeko eginiko elkarretaratzea. / Aiaraldea.eus

Salaketa matxista bat publikoki salatzetik “eraso kolektibo bat” jasatera igaro zen Laudioko Mugimendu Feminista festetako egun nagusian. Oihuak, irainak, txistuak… jaso zituzten jaia eten zuten unean. 

Errepideek bi marra dituzte, bidearen alde batean edo bestean kokatzen zaituztenak; baita gurutzatu ezin diren marrak ere. Indarkeria matxisten kasuan, posizioak argi daude: bakoitzak aukeratzen du nor eta zer babestu,  erasotzailea edo erasoa jasan duena. Mugimendu Feministak azken urteetan “beldurra bandoz aldatu da” haripean pauso handiak eman ditu: eraso matxisten protokoloen sorkuntza,  ahalduntzeko, salatzeko zein saretzeko ekimenak eta abar. Aiaraldea ere izan da horren lekuko. Amurrion, Laudion… 24 orduko sare eta  lantaldeak sortu dira emakume* feministen eskutik  jai esparruetako eraso matxisten aurrean, erasoak jasaten dituztenei babesa eta laguntza eskaini ahal izateko; baita hala dagokionean esku hartzeko ere. Hala, Amurrio, Arrankudiaga-Zollo zein Laudioko txosnaguneetan -zein beste hainbat eragileren jai edo ekintzetan- erasorik gertatzekotan erantzuteko protokoloak abian daude. 

Ez-ohikoa eta “larria” izan zen, ordea, Laudion, abuztuak 31 goizaldean —Odoloste egunean— ordu txikitan gertatutakoa: eraso matxista bat salatzera txosnaguneko oholtzara igotako hogei bat ekintzaile feministari txistuekin eta irainekin erantzun zieten festazale ugarik. Biharamunean (abuztuak 31) herri agerraldia deitu zuen Laudioko Mugimendu Feministak “eraso kolektiboa” salatzeko. Erantsi zutenez, eraso matxista salatzeko igo zirenean “feminista sasikumeak, ipini musika, feminaziak, marizikinak…” eta antzeko irain eta oihuak entzun behar izan zituzten.  Egoera bortitza ez zen momentu horretara mugatu, ordea: hurrengo egunetan Aiaraldea Komunikabidearen sare sozialetan pilatu zen mespretxuzko mezu zaparrada. 

Laudioko Mugimendu Feministarentzat entzundako txistu, mehatxu eta irainak ez ziren kasualitatea izan; “emakumeok eta pertsona disidenteok presentzia publikoa hartzearen erantzun zuzena izan ziren, gure eta herri osoaren aurkako eraso bat”. 

Mugimendu Feministak plazaratutako irakurketan larritzat jo zuen jendearen erreakzioa: “Ez ziren nerabe desubikatu batzuk, ezta beste herrietatik etorritakoak soilik ere, jende asko izan zen erasoaren konplize, herrikoak barne”. Guztientzat espazio seguru eta feministak helburu, erantzukizuna kolektiboa izan behar dela gogorarazi zuten; “erasotzaileak gure inguruko lagun, ezagun eta auzokideak baitira maiz”. Hargatik, bustitzeko eta zikintzeko unea dela azpimarratu dute, “zeinen aldean zauden erabakitzeko unea, pasibotasuna uztekoa”. 

Eraso matxisten salaketa moldeek aldeko eta kontrako erreakzio uholdea eragin dute Aiaraldea Komunikabidearen sare sozialetan, Laudioko jaietako " eraso kolektiboa" ardatz, lanketa sozialaren premia bistaratuz

Gorroto diskurtsoak 

Faxismoaren gorakadak ekarri du, besteak beste, gorroto diskurtsoen igoera. Laudioko jaietako erantzuna ez zen salbuespena izan. Aiaraldea Komunikabidearen sare sozialetan erreakzio ugari piztu zituen: “Zer egingo zenukete 5 minutuero eraso bat egon dela asmatu gabe”. “Utzi herriko jaietan zuen memelokeriak egiteari, mesedez. Jendeak nahi duen bakarra ondo pasatzea da. Eraso bat baldin badago poliziarengana jo”, zioen beste erabiltzaile batek. “Oso astunak zarete. Feminismoa politika hutsa da, eta politikarekin nazkatuta gaude”, “lapiko zaratatsuek eta antzeko ergelkeriek ez dute ezertarako balio (...) forma hauek gero eta astunagoak dira”... Kontrara, babes mezuak ere pilatu dira: “jaietan salatu eta beneatan txistuak eta horrelako hitzak entzun? Kokoteko eder bat horreri”, “penagarria horrelako komentarioak ikustea (...) zergatik ez nahastu jaiak eta politika? Utzi jendea ondo pasatzen, baina zuk ondo pasa bitartean, beste norbait erasotzen dabil, enpatia pixka bat mesedez”, “Faxismoaren gorakadaren errua gurea ere bada, modu batean molde asko desaktibatzera behartu gintuzten eta. Orain polizia —udaltzaingoa, Ertzaintza…—ongietorria eta babestua izan behar da guneetan, askoren isiltasun konplizeaz. Nora goaz horrela?”

Noren eta nolako babesa eta erreparazioa behar ditu, ordea, erasoa jasan duenak? eta erasotzaileak? eta jendarteak? Mugimendu Feministaren ustez, erasoa jasan duena babestea eta bere beharrak entzutea da beti lehenbiziko pausoa, “pertsona eta egoera bakoitzak, behar, denbora eta urrats ezberdinak eskatzen baititu”. Poliziek ohikoan salaketa jartzera bideratzen dute euren jarduna, justiziaren esku geratzeko gero genero indarkeria kasuak. “Jende askok ez du salaketa jarri nahi, erasoaren berri eman eta erreparatu baizik”, erantsi dute. Izan ere, erruduntasuna, lotsa, beldurra, shocka, erasoa salatzeak sozialki edo judizialki eragin dezakeena… mamu askok egiten dute dantza, salaketa jartzearen amupean.  Hori dela eta, askok jotzen dute Mugimendu Feministaren autodefentsa sistema edo sareetara; horretarako aktibatzen diren protokolo eta taldeen bidez. 

Protokoloen atzeko sare lana

Laudioko Mugimendu Feministako kideek kontatu dutenez, “sare lan handia dago protokoloaren aurretik eta atzean”. Horren adibidetzat jo dute 25 emakumeren artean 24 orduko txandetan aritzeko eginiko gogoeta eta prestakuntza saioak, edota Txosna Batzordeko sei eragile anitzekin adostutako jokamolde eta neurriak, “espazioak ahalik eta seguruenak izateko denentzat”. Are, txosnen atzean dauden guztiek txanda bakoitzaren hasieran protokoloari lotutako oharrak jasotzen dituzte, egun bakoitzeko arduradun  taldearekin zubi-lana eginez. Horrenbestez, jai ereduaren bilakaeran edo izaeran ere izan dute protokoloek eragina.  

Udalek, bestalde, kontzientziazio eta prebentziorako postu edo guneak indartzeko ahalegina egin dute azken urteetan, puntu moreak edota postuak jarrita toki edo egun esanguratsuetan.

Jaien testuingurutik kanpo ere, eraso eta arazoak mordoak dira. Isiltasunak jada ez du balio. Alde batetik bestera, badago aldea: erasoak jasan dituztenak babestea, edo erasotzailea(k). Zurea da erabakia. Hor dago koska; eta eraldaketarako atea.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide