'Euskara gabe ez gara' dinamika

“Ikasleak eroso sentitu behar dira euskaraz jolasten, zirikatzen, ligatzen…”

Aimar Gutierrez Bidarte 2025eko urriaren 2a

Euskara ikasleen eguneroko tresna izan behar duela defendatu du Jon Bengoetxeak. / Aiaraldea.eus

Laudio Ikastolako zuzendaria da JON BENGOETXEA. Kezka azaldu du euskalduntzeaz gertatzen ari den atzerapausoen aurrean, eta detaile txikietan jarri du arreta.

Urtebeteko hausnarketaren emaitza da uda hasieran aurkeztu zenuten Euskara gabe ez gara manifestua edo dekalogoa.

Bai. Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak sustatuta Hezkuntza Foroan elkartzen gara eskualdeko ikastetxe guztietako ordezkariak. Foro berezia da, eta lan handia egin da marko hori bideratzeko.

Hausnarketa etengabea da, eta kezkatuta gaude. Ikastolan oso kezkatuta gaude, uste dugu atzerapauso handia ari dela gertatzen euskalduntzean.
Egia da, plazaratutako dekalogo horretan aipatzen diren gauza gehienak ikastetxe askok jada betetzen ditugula. Niri bitxia egiten zait, uste nuen gaindituta genituela hainbat eta hainbat kontu. Baina horrek ere ematen digu larritasunaren pista bat. Zergatik egin behar dugu hau? Hezkuntza mundua bazen euskaldunduta zegoen esparru bat.

Ikastolan non igartzen duzue atzerapauso hori?

Detaileak dira; ikasleenak, familienak, gizartearenak… Berrio noa lehengo galderara; zergatik egin behar dugu dekalogo hau? Euskara sustatuko dugula, Euskal Curriculuma landuko dugula… Hori oso barneratuta izan dugu Ikastolok eta Euskal Herriko ikastetxe gehienek ere bai.

Baina detaileak dira. Hitzaldi bat ematera dator norbait, D ereduko ikastetxe batera, eta hitzaldia gaztelaniaz eskaintzen du. Ikastolatik hitzaldia euskaraz egin behar duela esan eta honakoa erantzuten du: “Oraindik ere bizi gara horrela?”; gu arkaikoak bagina bezala.

Hezkuntza Delegaritzara deitzerakoan berdin, lehenengo esaldia beti da “erdaraz mesedez, ez dut euskara ulertzen”.

Horrelako detaileak, behin eta berriro nabaritzen ditugu inguruan. Gurasoak euskaldunak dira eta haur txikiekin erdaraz egiten dute. Nerabeak ere berdin, asko errepikatzen den iruzkina da “euskarak Laudion ez duela ezertarako balio”. Inolako lotsarik gabe darabilte ikasleek gaztelania irakasleen aurrean. Hori lehen ez zen gertatzen.

Egoeraren larritasunaren isla dira jarrera horiek guztiak.

Nik azken puntu bat gaineratuko nuke ere. Ikus-entzunezkoek izugarrizko garrantzia dute gaur egun, eta bertako erreferente guztiak erdaldunak dira. Izugarrizko joera dago orain digitalizazioaren alde, baina unibertso erdalduna da. Uste dut lehentasuna eman behar zaiola euskarazko alfabetatzeari, euskaraz gehiago idazteari. Maila izugarri jaisten ari da.

Indikatzaile asko daude larritasunaren tamaina erakusten digutenak.

Agerraldian deia egin zenieten familia eta erakundeei. Uste duzu familiek ikastetxeen esku utzi dutela euskalduntzea, horren gaineko ardurarik ez balute bezala?

Guk Ikastolan familia euskaldunen kopuru handia daukagu. Ez dugu ahaztu behar, oraindik ere, eremu erdaldun batean bizi garela. Baina bai uste dut oso erraz uzten diegula haurrei erdarara jotzen. Haur batek euskararekiko lotura galtzen badu etxean, oso zaila izango du gerora euskarara berriro jauzi egitea.

Dena ez da okerra. Badira euskaraz oso ondo moldatzen diren eta euskaraz bizi diren ikasle ohiak. Hain txarto ez dugu egin. Baina euskara oso kontu akademikoa ari da bihurtzen.

Ikastetxe gehiagotan igarri dute ahozkotasunean gabezia handia dagoela.

Ikastetxeok ez dugu sustatzen, hori hala da. Gu Ikastolan duela bi urte hasi ginen hizkuntza planari buelta ematen, ikusten genuelako zer zetorren. Hiru ildo nagusitan banatu dugu hizkuntza plan berria: alfabetatzea (irakurmena eta idazmena), ahozkotasuna eta kultura. Buelta bat eman behar diogu bai ala bai euskalduntzeari, emaitzak ez direlako nahiko genituzkeenak.

Buelta emate horretan zeintzuk dira erronka nagusiak?

Niretzat erronka nagusiena ahozkotasunarena da. Ikasleak eroso sentitu behar dira euskaraz jolasten, zirikatzen, ligatzen… Izan dadila euskara eguneroko tresna.

Zer eskatuko zenieke familiei?

Ahalegina egitea. Baina benetako ahalegin pertsonala. Sustatu dezatela euskara etxean. Ulergaitza da euskaraz ikasi duten gurasoek ahalegin hori ez egitea. Euskararekiko jarrera aldatu beharra dago.

Burugogorrak izan behar gara, tematiak. Orain arte lortu duguna mantendu beharra dugu. Ikastola bada euskararen uharte bat, ezin dugu atzerapausorik eman.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide