Petardo hotsekin esnatu da gaur goizean Laudioko Industrialdea. Goizeko bostetan hasi dira Maderas de Llodioko langileak biltzen fabrikaren atarian eta, asteartean bezala, inguruko beste lantegi batzuetako beharginak ere batu dira piketera. Voestalpine-JEZ lantegiko langile ugarik, adibidez, klaxona joz animatu dituzte grebalariak, gaueko txandatik atera direnean.
Bigarren greba eguna dute gaurkoa Maderas de Llodioko langileek, Garnicak (Laudioko lantegiaren jabea den enpresa taldeak) egin nahi dituen 39 kaleratzeen aurka. Astearteko egoera berdina errepikatu da gaur goizean: lanuztearen jarraipena erabatekoa izan da, ez baita beharginik sartu fabrikara.
Mobilizazioa arratsaldean
Egun bizia izango dute gaur grebalariek. Eguerdiko hamabietan Herriko plazara jaitsiko dira, bertan elkarretaratzea egiteko, merkatu eguna dela baliatuta. Arratsalderako, aldiz, mobilizazioa deitu dute SOS Aiaraldearekin batera, 19:00etan Eroskiko biribilgunetik abiatuta.