Maderas de Llodio greba mugagabean

Hasi da greba mugagabea Maderas de Llodion, erabateko jarraipenarekin

Txabi Alvarado Bañares 2025eko irailaren 22a

Hasi da greba mugagabea Made 2 1758517859581
Hasi da greba mugagabea Made 3 1758517862068
Hasi da greba mugagabea Made 4 1758517864246
Hasi da greba mugagabea Made 5 1758517866199
Hasi da greba mugagabea Made 6 1758517870272

Mobilizazio ugari deitu dituzte Laudioko egur lantegiko beharginek aste honetarako. 

Iragan osteguneko mobilizazioan eman zuten albistea, eta gaur egin dute urratsa: Greba mugagabean jarri dira Maderas de Llodioko langileak, Garnica taldeak egin nahi dituen 39 kaleratzeen aurka. 

Goizeko bostetan bildu dira beharginak fabrikako sarreran. Ez dute eguraldia lagun izan, zirimiri etengabea egon baita. Hala ere, grebalariez gain, inguruko beste lantegietako kideak edota eskualdeko bizilagunak bertaratu dira piketera. 

Aurreko astean bezala, gaur ere erabatekoa izan da grebaren jarraipena, goizeko txandan behintzat, ez baita inor sartu lantegira. 

Mobilizazioak aste osoan 

Langileek eskualdeko herritar guztiei luzatu diete greba mugagabeko deialdietan parte hartzeko gonbita. Egunero egingo dituzte piketeak txanda aldaketetan (5:00etan, 13:30ean eta 21:30ean). 

Horrez gain, beste mobilizazio batzuk ere egingo dituzte. Gaur, adibidez, "ERE-rik EZ! Ongi etorri" deitu dute lantegiaren aurrean goizeko bederatzietarako, zuzendaritzaren eta Enpresa Batzordearen arteko bilera egingo den unean. 

Asteazkenean, aldiz, eskualdeko komiteekin egingo dute protesta, 12:00etan, toki berean. Bukatzeko, ostegunean herrira jaitsiko dira 11:30ean, eta Herriko plazan egingo dute elkarretaratzea. 

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide