Txistu artean jaso dituzte Maderas de Llodioko langileek Garnicako zuzendaritzako kideak eta abokatuak, hauek fabrikara sartu direnean. Gaur goizean egiten ari dira Enplegua Erregulatzeko Espedientearen kontsultaldiaren hirugarren bilera.
Beharginek goizeko bederatzietarako deitu dute elkarretaratzea lantegi aurrean, baina zuzendaritzako kideak lehenago iritsi dira lantegira. 39 kaleratzeen prozesua bideratzen ari diren abokatuak, aldiz, 9:20ak aldera heldu dira taxian, eta beharginen txistu eta ke-poteen artetik igaro behar izan dira.
Handik gutxira sartu dira fabrikara Enpresa Batzordeko kideak eta sindikatuen ordezkariak, txalo artean.
Gaur abiatu dute greba mugagabea Maderas de Llodioko langileek eta, goizean aurreratu bezala, jarraipena erabatekoa izaten ari da.