Omniak salatu du Laudioko Udaleko gobernuko alderdiek ez dutela legea betetzen langileen kontratazioan, "lan eta hizkuntza eskubideak urratuta"

Aitor Aspuru Saez 2025eko irailaren 22a

Omniako egoitzan izan da agerraldia. / Aiaraldea.eus

Hainbat kasu salatu ditu opozisioko taldeak: Udaltzaingoen bi ofizialordeena, egungo Udaltzainburuarena eta gizarte ongizateko langile batena. Legea ez betetzeak kalte ekonomikoak ekartzen dituela azpimarratu du alderdi independenteak, epaiketak daudelako. 

Omniak prentsaurrekoa deitu du gaur salatzeko Laudioko udal gobernu taldeek (egungoak zein aurreko legealdikoak) langile publikoen kontrataziorako baldintzak urratu dituztela euren interesen arabera eta horrek kalteak sortzen dizkiola tokiko erakundeari.

Talde independenteak hiru kasu aipatu ditu. Hiru aurreko udal gobernuari egotzi dizkio eta beste bat egungoari. Adibidez, EAJk eta PSE-EEk osatutako gobernuari leporatu dio 2019tik aurrera, erretiroa hartu arte, udaltzainburu gisa 3. hizkuntza eskakizuna betetzen ez zuen agente bat mantentzea.

2021ean hizkuntza eskakizun hori betetzen zuen beste agente batek salatu zuen kasua eta epaitegiak arrazoia eman zion. Baina, salatu dutenez, jadanik zegoen udaltzaina mantendu zuten, legea bete gabe. Omniaren ustez, herritarren hizkuntza eskubideen kontrako erabakia da hori.

Udaltzainburu gisa hizkuntza eskakizunak betetzen ez zituen agente bat mantentzea egotzi dio Omniak aurreko legealdiko udal gobernuari. 

Udaltzaingoan kasu gehiago

Omniak azaldu duenez, 2014an udaltzaina ez zen langile batek salaketa jarri zuen Langile Postuen Balorazioan ezarritako hizkuntza eskakizunen kontra. Epaileek partzialki onartu zuten salaketa, baina 2021ean Udaltzaingoko bi ofizialorde hautatzeko prozesuan, hautagaietako batek salatu zuen onarpen partzial horrek ez zuela eraginik izan behar prozesu horretan, euskara beharrezkoa baita lanpostu horietan.

Epaileek arrazoi eman zioten hautagai horri eta prozesua kautelaz eteteko agindu zuten. Hala ere, EAJ eta PSE-EEren udal gobernu taldeak aurrera egin zuen eta Hizkuntza Eskakizun egokia (3. eskakizuna, hain zuzen) ez zuten bi agente aukeratu zituen, Omniaren hitzetan. 

Udaltzainburua ere

Aurreko salaketen ondorioz, epaitegiek ezarri zuten 2023an Laudioko udaltzainburuak eta ofizialordeek 3. hizkuntza eskakizuna eduki behar dutela; baina, Omniak gaineratu duenez, ofizialorde batek eta udaltzainburuak ez dute baldintza hori betetzen, kasu horretan, EH Bilduren gobernuarekin.

Omniaren arabera, gaur egun ofizialorde batek eta udaltzainburuak ez dituzte hizkuntza eskakizunak betetzen.

Hori konpontzeko, talde independenteak honakoa proposatu du: "Udaltzaingoko ofizialordeen lanpostuak betetzeko 2021ean egin zen barne-sustapeneko deialdiari berriro ekitea eskatzen dugu, 2025eko urtarrileko epaiak ezarri zuen puntuan".

Epaiketak eta kalte ordainak

Omniak adierazi du hezkuntza eskakizunen baldintzak maiz ez direla betetzen eta horrek epaiketa gehiago sortuko dituela, ehunka mila euroko galerak ekarriz Laudioko Udalera. 

Zinegotziek ohartarazi dute kalte-ordainetara bideratzen den diru guztiak eteten duela herriaren garapena. "Udal gobernu taldeek langile batzuk edo besteak izendatzea erabakitzen dute euren interesen arabera, eta ez berdintasun irizpideak jarraiki", errepikatu dute.

Gizarte ongizarteko langile ohi baten kontratazioa

Omniaren iritziz, aurrekoaren adibidea da Udalak bizi duen egungo egoera. Izan ere, EAJ eta PSE-EEren garaian gizarte ongizarteko langile bat kaleratu zuten hizkuntza eskakizuna ez betetzeagatik eta laster berriro kontratatu beharko dute. "Plaza berri bat sortu ez ezik, kalte-ordainak ere egongo dira. Aurretik ere informatikariekin gauza bera gertatu zen. Dirutza galdu du Udalak", aipatu dute.

Gizarte ongizateko langilearen kasu polemikoa eta euskararen kontrako oldarraldia

Omniako zinegotziek nabarmendu nahi izan dute berriro kontratatuko den gizarte ongizateko langilearen kasuak hautsak harrotu zituela bere garaian euskararen kontrako oldarraldiaren barruan gertatu zelako.

Hala ere, azaldu dute langileak arrazoia zuela: "Epaileak erabilitako hainbat argudiok ez zuten inolako zentzurik. Adibidez, Interneten bilatutako zerrenda batean munduko hizkuntzen zailenen artean zegoela esan zuenean, baina, funtsean, arazoa izan zen langile hori zela Udal osoan bere kontratuan klausula berezi bat zuen bakarra. Beste guztiei ezarri zaie hizkuntza eskakizuna betetzeko salbuespena 45 urtetik gorakoak izanez gero".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide