Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak berretsi du Laudioko Udalak jasotako euskararen aurkako epaia

Aitor Aspuru Saez 2023ko abe. 15a, 19:20

Epaileak erabilitako argudioetako bat izan zen euskara hizkuntza zaila dela. / Alea

Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak arrazoia eman dio euskara "zaila" dela argudiatu zuen epaileari, Laudioko Udaleko teknikari bati bere lanpostua itzultzeko.

Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak erabaki du Laudioko teknikari bati bere behin-behineko lanpostua itzuli beharko diola Udalak. Horrela jakinarazi du Vocento taldeko hedabide batek, zeinak epaia jaso duen. Modu horretan iaz Ana Maria Martinez Varas epaileak adierazitakoa bete beharko du tokiko erakundeak, edo helegite berria jarri.

Epaia, "euskarafoboa"

Epaiak hautsak harrotu zituen iaz eta mobilizazioak eta erantzunak eragin zituen Laudion bertan zein Euskal Herrian, euskalgintzako eragileek definitutako "epaileen oldarraldiaren" barruan kokatu baitute, euskararen normalkuntza oztopatzeko.

Berez, Ana Maria Martinez Varasek argudiatu zuen euskara munduko bost hizkuntza zailenen artean dagoela. Halaber, aipatu zuen udal langilea 1.295 orduz joan zela klasera eta soilik lortu zuela euskara eskakizuren lehen profila lortzea eta tokiko erakundeak oso sentsibilitate gutxi erakutsi zuela berarekiko.

Laudioko Udalaren aukerak

Epaiaren aurrean, tokiko erakundeak hiru bide ditu. Alde batetik, epaia zuzenean betetzea. Horrek, aldi berean, bi emaitza ezberdin ekar ditzake: lanpostu batera itzultzea edo tokirik ez izatea.

Izan ere, gogoratu beharra dago teknikaria erakundean sartu zenean psikologo postuan egin zuela eta hirugarren hizkuntza eskakizuna egin ziotela postu hori menpekotasunen teknikaria bilakatu zutenean. Hortaz, Udalak aztertu beharko du, lehenik eta behin, jatorrizko postu hori existitzen den edo ez. Egokitu ahalko balitz, udaletxera bueltatuko litzateke langilea. Horrela izango ez balitz, Udalak kalte-ordaina emango beharko lioke (bigarrena, alegia).

Beste aukera bat da helegite berria jartzea. Horretarako hilabeteko epea dauka tokiko erakundeak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide