Greba mugagabearen hasierak ez du Maderas de Llodioko zuzendaritzaren jarrera aldatu, momentuz behintzat. Garnicak (Laudioko egur fabrikaren jabeak) 39 pertsona kaleratzeko asmoa mantendu du gaur Enpresa Batzordearekin eta sindikatuen ordezkariekin izandako bileran, eta baita ekoizpenaren %40a kanpora eramatekoa ere.
Langileen ordezkarien hitzetan, zuzendaritza “irtenbide indibidualak eskaintzera” mugatu da gaurko zitan. “Enpresak oraindik ere ez ditu justifikatu aurkeztutako arrazoiak kaleratze kolektibo hau babesteko. Alde sozialetik dokumentazio gehiago eskatu dugu, eta orain arte azaldu dituzten argudioak zalantzan jarri ditugu”, azaldu dute komiteko kideek ohar baten bidez. “Argi” dute gaurko negoziaketetan ez dela “funtsezko ezer” aldatu: “mahai gainean jarraitzen dute enplegu suntsiketak eta Maderas de Llodio osoaren etorkizunerako arrisku larriak”.
Gauzak hala, “erabaki erabat enpresariala” dela nabarmendu dute, eta “ondorio oso larriak” ekarriko lituzkela lantegiaren jarraikortasunarentzat ere. “Horregatik, Enpresa Batzordetik berriro exijitzen dugu EEE hau bertan behera uztea, eta berresten dugu gure borondate irmoa dela enplegua, jarduera eta Maderas de Llodio-ren etorkizuna defendatzen jarraitzea”, aldarrikatu dute.
Goizeko hamarretan hasi dute gaurko bilera. Langileek elkarretaratzea egin dute ordubete lehenagotik fabrikaren sarreran, eta txistu artean jaso dituzte zuzendaritzako kideak eta enpresako abokatuak.