ELA sindikatuak oharra zabaldu du azpimarratzeko Garnicaren argudioak ez dutela oinarri objketiborik 39 kaleratze egiteko Maderas de Llodion. Izan ere, taldeak adierazi du arrazoi produktiboak dituela langileen kontratuak ezer ezean uzteko, baina konpainiaren dokumentazioak agerian utzi du ekoizpena ez dela murriztu Laudioko lantegian.
Hain zuzen, 2025ean iazko produkzio kopurua handitu dute %17,5ean eta 2023. urtearekin alderatuta, igoera nabarmenagoa da, %22,22. Datu horiek, langile erakundearen ustez, argudiorik gabe uzten dute Equipo Económico aholkularitza enpresak egindako txostena kaleratzeak babesteko.
Gauzak horrela, ELAk exijitu dio zuzendaritzari bertan behera uzteko enplegua erregulatzeko espedientea. Halaber, gogoratu du beharginen greba mugagabeak erabat eten duela fabrikako jarduera.
Berez, astelehenean izan zuten enpresak eta sindikatuek kontsulta epeko hirugarren bilera, non konpainiak bere asmoak berretsi zituen, eta bihar izango dute bigarrena.