Astelehen goizeko egoera errepikatu da gaur Maderas de Llodioren atarian. Grebalariek txistu, petardo eta bengala artean egin diete "ongi etorria" Garnicako zuzendaritzako ordezkariei eta euren aholkulari lanetan dabiltzan Sagardoy bulegoko abokatuei, goizeko bederatziak aldera.
Handik tarte batera sartu dira lantegira Enpresa Batzordeko kideak eta sindikatuetako ordezkariak, kasu horretan txalo eta animo oihu artean. Goizeko hamarretan abiatu dute Enplegua Erregulatzeko Espedienteko laugarren bilera. Urriaren 8an amaitzen da espedientearen kontsulta epea.
39 langile kaleratu nahi ditu Garnica taldeak 2018an erosi zuen Maderas de Llodio lantegian. Beharginak greba mugagabean daude astelehenetik, eta jarraipena erabatekoa izaten ari da, Enpresa Batzordearen hitzetan.