Maderas de Llodio greba mugagabean

Garnica taldeko zuzendaritza ez da agertu Maderas de Llodion zuen bileran

Aitor Aspuru Saez 2025eko irailaren 30a

Enplegua Erregulatzeko Espedientearen kontsulta epe barruan zuten adostuta batzarra Langile Batzordearekin, baina enpresariak ez dira agertu.

Goiz lasaia izan dute gaur Maderas de Llodioko lantegiaren sarreran. Greba mugagabea abiatu zenetik gertatu bezala, jende ugari zegoen sarreran, gaur Enplegua Erregulatzeko Espedientearen kontsulta epeko bilera berria baitzuten adostuta Garnica taldearen eta langileen ordezkarien artean. Baina konpainiako zuzendaritza ez da agertu.

Gaur, batzarraren orduan,10:00etan, sindikatuetako kideek sarrerara jo dute eta kontrol puntuan jakinarazi diete barruan ez zegoela Garnicako inor. 

Modu horretan heldu zaie beharginei zuzendaritza ez dela Laudion agertu. Berez, atzo enpresa saiatu zen bilera on-line egiten, baina sindikatuek erantzun zuten hitzordu oso garrantzitsua zela eta aurrez aurre egin behar zela, aurreko batzarrean adostu bezala.

Are gehiago, beharginen ordezkariek kudeaketak egin zituzten Laudioko Udaletxean elkartzeko, baldintza guztiak beteko zirela bermatzeko. Ordea, Garnica taldeko arduradunek ez zuten ezer adostu eta gaur ez dira Maderas de Llodiora bertaratu.

Greba mugagabeak jarraitzen du indartsu; bihar Logroñon eta ostegunean Gasteizen

Zuzendaritzak ez duenez ezer jakinarazi aldez aurretik, jende ugari batu da Maderas de Llodio lantegiko sarreran, protesta egiteko iragarritako 39 kaleratzeen aurka.

Grebalariak ez ezik, beste enpresetako beharginak zein ikasleak elkartu dira eta grebalari batzuek fabrikako sarreran badmintonean jokatzen eman dute itxaronaldia.

Bihar, langileek Logroñora eramango dituzte euren aldarrikapenak, Garnica taldeko kapitalaren zati handi bat Errioxakoa baita. Ostegunean, aldiz, Eusko Legebiltzarraren aurrean egingo dute elkarretaratzea eta Arabako Batzar Nagusietan hartuko dute hitza, erakunde publikoen inplikazioa exijitzeko.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide