Datorren igandean (urriak 12) esprai usainez beteko da Laudioko Santa Kurutz tren geltokiko ingurunea, Laudioko Graffesta ekimenaren bigarren edizioa egingo baitute. 2024ko azaroaren 30ean egin zen lehena, arrakasta nabarmenarekin: dozenaka margolari animatu ziren industriaguneko paretak kolorez betetzera.
Horma berdinak baliatuko dituzte igandeko topaketan. Azaldu dutenez, 45 toki egongo dira orotara, eta zazpi esprai pote emango dituzte bakoitza margotzeko. Horrez gain, margolan guztiek gai zehatz bat hartu beharko dute oinarri: haluzinazioak.
Egun osoa iraungo du ekimenak. Goizeko hamarretan egingo dute aurkezpena eta lekuen zozketa, eta bazkaltzeko aukera ere eskainiko dute, hiru euroren truke. Arratsaldean, aldiz, musika egongo da margolanen azken ukituak girotzeko, Dardara Soinu Sistemaren eta Rlantzen eskutik.
