Gaur bi urte bete dira Hamasek eta Erresistentzia Palestinarreko hainbat taldek Israel erasotu eta estatu sionistak Gazako genozidioa abiatu zuenetik. Hori gogora ekartzeko giza katea egin dute arratsaldean Laudion. Dozenaka herritar abiatu dira 19:30ean Herriko plazatik. Erdiguneko kale nagusiak zeharkatu dituzte, Lamuza plazan amaitzeko.
Azken egunetan Palestinaren aldeko mobilizazio ugari egin dira eskualdean. Ostegunean Laudio, Urduña zein Arrankudiaga-Zollon egin zituzten elkarretaratzeak, Gazara zihoan ontzidiaren bahiketa salatzeko. Ostiral eta larunbatean, aldiz, elkarretaratze bana egin zuten Laudion. Hurrengo zita urriaren 15ean izango da, lanuzteak deitu baitituzte sindikatuek egun horretarako.
Argazkiak: Joane Lozano