Laudioko Udalak jakinarazi du 2026ko ordenantza fiskalak onartu dituela, gaur goizean egindako ezohiko osoko bilkuran. Tokiko erakundeak adierazi duenez, datorren urtean %2 igoko dira zergak ondasun higiezinen, trakzio mekanikoko ibilgailuen, eraikuntza, instalazio eta obren nahiz plusbalioen esparruetan, "KPIaren arabera eguneratuta". Gainontzeko tasak, aldiz, "izozturik geratuko dira".
EAJk azpimarratu du bere proposamena izan zela tokiko zerga guztiak izoztea, ordenantza fiskalen berrikuspenari "zorroztasunez eta erantzukizunez" heldu behar zitzaiola iritzita. "Azterlan serio eta zehatz bat egitea proposatu genuen, etorkizuneko igoerak oinarri eta irizpide objektiboekin aplikatu ahal izateko. Hala ere, aldez aurreko lan hori egin ezean, Gobernuak alternatiba arduratsu gisa proposatzen genuen izoztea onartu behar izan du", adierazi du Ander Añibarro EAJren Laudioko Udaleko bozeramaileak.
Zentzu horretan, tasa horiek gora ez egitea "laudioar guztientzako albiste ona" dela ospatu dute, "bizitzaren kostuak gora egiten jarraitzen duen une honetan".
Era berean, nabarmendu dute akordioa lortu dela EH Bilduk "gainerako udal taldeen babesa" behar izan duelako, baina ez dela "elkarrizketarako benetako borondaterik izan". Akordiora heltzeko beharrezkoak izan diren ezohiko batzorde eta osoko bilkurak ere kritikatu dituzte, "inprobisatuak" eta "erlojuaren kontrakoak" izan baitira, jeltzaleen ustez.