Goiz luzea izan dute gaur Maderas de Llodioko langileek. Gutuna entregatu diote lehenbizi Ramiro Gonzalez Ahaldun Nagusiari Aiaraldearen etorkizun industriala jorratzeko mahaiaren atarian. Ondoren, Enpresa Batzordeko kideek bilera izan dute enpresako zuzendaritzarekin, kaleratzeen inguruko negoziazioekin jarraitzeko.
Langileen ordezkariek argi utzi diete Garnica multinazionaleko buruei ez daudela ados enpresak eginiko akordio proposameneko edukiekin; baina, horrez gain, nabarmendu dute konpainiaren planteamendua ez dela “juridikoki bideragarria”.
Azaldu dutenez, EAEko Auzitegi Gorenean egin dituzte horri lotutako kontsultak, eta modu horretan ondorioztatu dute hori.
Hori dela eta, bi aldeak konprometitu dira bideragarritasun juridikoa bilatzeko kontsultak egitera, baina Enpresa Batzordeko kideek berriz nabarmendu dute, gaur gaurkoz, ez daudela ados balizko akordioaren “formekin ezta edukiekin ere”.
Mobilizazio gehiago
Komitea berriro bilduko da datorren astearen hasieran baina, hori baino lehen, beste mobilizazio batzuk dituzte programatuta beharginek. Ohiko piketeekin jarraitzeaz gain, manifestazioa egingo dute bihar 11:30ean fabrikako sarreratik abiatuta.
