IÑIGO ARZA

“Pasada bat da, horren azkar pasatzen da dena iritsi naizela oso zoroak diren gauzak normalizatzera”

Txabi Alvarado Bañares 2025eko azaroaren 27a

Karol Grekin egoteko aukera izan zuen Iñigo Arzak sariketan. / I.A.

Karol G edota Aitanarekin lehen lerroan egoteko aukera izan du Iñigo Arza laudioarrak Las Vegasen ospatutako Latin Grammy sariketan. Hori egitea nola lortu duen azaldu dio Aiaraldea Komunikabideari. 

Amets batean egongo balitz bezala bizi da Iñigo Arza. Laudioko bizilaguna Latin Grammy sariketako ekitaldian egon da bigarren urtez jarraian, eta ez edozein tokitan. Lehen ilaran egon ahal izan da aiaraldearra, eta Karol G edota Aitanarekin konpartitu zuen espazioa zein denbora.  

Aje emozionala oraindik gainean duela hitz egin du Arzak Aiaraldea Komunikabidearekin, eta zehatz mehatz azaldu du nola lortu zuen bertan egotea. Zehaztu duenez, enpresa baten eskutik iritsi zen bertara, eduki sortzaile gisa. “Lehen lerroan dena ematen egongo den jendea bilatzen dute. Telebistatik emititzen den show bat da, eta gustatzen zaie oso animatua izatea, jendea ondo jantzita joatea eta maila altuko gala baten itxura ematea”, azaldu du Instagram eta TikToken aritzen den aiaraldearrak.

Bere hitzetan, horrek eman dio aukera horrelako mundu mailako sona duen ekitaldi bat lehen lerrotik bizitzeko. “Pasada bat da, horren azkar pasatzen da dena iritsi naizela oso zoroak diren gauza batzuk normalizatzera. Bad Bunny, Carol G edota Aitanarekin egotea Las Vegaseko Latin Grammyetan. Batzuetan esaten diot nire buruari: ‘frenatu ezazu apur bat’, nahiz eta asko baloratu eta gozatzen dudan gauza bat izan". 

Maluma, Rauw Alejandro, Rozalen, Leiva... beste hainbat artistarekin ere egin zuen topo Arzak, ekitaldian zein osteko ‘after party’-an.

Aiaraldearraren hitzetan, ez da dirudien bezain zaila Grammy-en lehen lerroko eserlekuetan amaitzea: “Eserlekuak ez daude esleituta, txandaka betetzen dira. Artistak hamar minutuz doaz eserlekuetara, euren saria jasotzen dute eta badoaz, edo emanaldia eskaintzen dute, eserlekuetara jaisten dira, ordu erdiz geratzen dira eta badoaz. Oso artista gutxik jasaten dute hiru orduko gala osoa bertan, asko ‘backstage’-ra doazelako. Eurak doazenean gu, giroa animatzen gauden pertsonak, mugitzen joan gaitezke. Modu horretan amaitu nuen Plex eta Aitanaren alboan gala ikusten, eta aukera izan nuen baita Karol Grekin argazkiak egiteko”. 

"Oso artista gutxik jasaten dute hiru orduko gala osoa bertan, asko ‘backstage’-ra doazelako. Eurak doazenean gu, giroa animatzen gauden pertsonak, mugitzen joan gaitezke. Modu horretan amaitu nuen Plex eta Aitanaren alboan gala ikusten, eta aukera izan nuen baita Karol Grekin argazkiak egiteko"

Mundu osoan ezaguna den artista kolonbiarrarengana nola iritsi zen ere azaldu du aiaraldearrak: “Inor ezin zen Karol G-rengana hurbildu, bere segurtasun zerbitzu propioa zeukan. Baina nik hurbiltzea erabaki nuen, jada bertan egonda aukera bat iruditu zitzaidalako. Iazko Latin Grammyetan ere lortu nuen berarengana hurbiltzea eta esan nuen: ‘Ba aurten ere bai’. Hurbildu nintzenean bideo bat grabatzen nengoen eta bera izan zen nigana hurbildu eta argazki bat egitea proposatu zidana. Segurtasunekoak une horretan albo batera jarri ziren, ordura arte pareta bat egiten baitzeuden. Eurak hasi ziren guri argazki bat egiten, baina apur bat txarto. Karol Gk esan zidan orduan: ‘ez digute flash-a jarri, utzidazu zure mugikorra eta egiten dut nik. Oso zoroa izan zen Karol Gk nire mugikorra hartu eta bideo bat egitea zeinetan berak musu bat bidaltzen zien ikusleei”. 

Lau urte Miamin

Lau urte daramatza Iñigo Arzak Miamin bizitzen. Espainiako komertzio ganberan lan egiteko joan zen bertara, marketin eta ekitaldien esparruan.

Handik bi urtera, aldiz, Sierra Salvada Bubbles proiektua sortu zuen, burbuila formako ostatuak eskainiz Gorobel mendilerroaren magalean bere familiak duen etxaldearen alboan. Ekimen horren harira anekdota bat bizi izan zuen Latin Grammy-etako ekitaldian. “Burbuilen argazkiak erakutsi nizkien Plexi (Aitanaren bikotekideari) eta bere laguntzaileari, eta azken honek ezagutzen zituen”, azaldu du.

Berehala bota zien harria, bertara joateko gonbidapena luzatuz artista kataluniarrari. “Ederra izango litzateke Aitanak eta Plexek gure zonaldea ezagutu ahal izatea”. 

Sierra Salvada Bubbles-en ondorioz, orain Arzak denbora gehiago igarotzen du eskualdean, proiektu hori kudeatu ahal izateko. “Urteko 7-8 hilabete igarotzen ditut Miamin eta bost Laudion”, azaldu du.

Jada ez du merkataritza ganbaran lan egiten, ekitaldien antolakuntzan baizik. “Datorren hilabetean, adibidez, Santander bankuaren Estatu Batuetako Gabonetako afaria antolatu dugu”, aurreratu du. 

Ikusmira hedabideetan 

Arzaren zirrara ez zen Latin Grammy-etan amaitu. Bertan grabatu zituen bideo batzuk biralak bilakatu dira, eta hedabideen arreta deitu dute. El Español edota El Correok idatzi dute laudioarraren abenturen inguruan, baina Arzari No somos nadie saioan agertzeak motibatu dio bereziki, Carlota Corredera edota Belen Estebanekin hitz egiteko aukera izan baitzuen bertan. “Fantasia hutsa” izan zen, bere esanetan. 

Epe ertainean Miamin eta Laudion jarraitzeko asmoa du Arzak. “Ni oso pertsona aktiboa naiz eta gustatzen zait konfort gunetik atera eta esperientzia bereziak bilatzea”, azaldu dio Aiaraldea Komunikabideari.

Bere ustez, Estatu Batuetako hiri hori oso aproposa da horretarako, astero daudelako Latin Grammy-en tamainako ekitaldi jendetsu eta entzutetsuak. Hala ere, antzekotasun bat du Laudiorekin, Arzaren esanetan: “Egia da hemen ere zaila dela egun batean ateratzea eta ezagunen batekin ez topatzea”.

Epe laburrera begira, erronka pertsonal bati heldu dio Arzak: dantzara itzultzea. 10 urtez aritu zen txikitan Laudioko Nuria & Raquel akademian, eta orain berriro itzuli da klaseetara, Miamin. “Hori ere izugarria da, klaseak ematen dizkizuten dantzariak gero oholtza gainean ikusten dituzulako Grammy-etan, Don Omarrekin, Malumarekin edota Daddy Yankeerekin”.

Aitortu duenez, berari ere gustatuko litzaioke etorkizun urrun batean bere burua oholtza horietako batean ikustea, baina momentuz hankak lurrean mantendu nahi ditu, “gozatzen eta hazten” jarraitzeko, “nondik natorren ahaztu gabe”.  

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide