SOSLAIA

Jose Mari Ibarbia, milokogiako nazioarteko eminentzia eta dibulgatzaile sutsua

Aitor Aspuru Saez 2025eko abenduaren 5a

Jose Mari Ibarbia iragan azaroaren 25ean zendu zen. / Laudioko Mikologia Elkartea

Azaroaren 25ean hil zen Jose Mari Ibarbia. 20 urtez baino gehiago Laudioko Mikologia Elkarteko presidente izan zen, baina Espainiako Estatuan eta nazioartean ere erreferente bilakatu zen ziza eta onddoen esparruan, ikerlari eta dibulgatzaile nekaezina izan baitzen.

Duela bi aste baino gutxiago zendu zen Jose Mari Ibarbia. Duela 45 urte Laudioko Mikologia Elkarteko sortzaileetako bat izan zen (zehazki, laugarren bazkidearen zenbakia berari zegokion) eta ardura anitz hartu zituen proiektu horretan, 20 urte baino gehiago eman baitzituen presidentetzan. Bere galerak hutsune oso handia utzi du ziza eta onddo zaleen artean, ez bakarrik herrian, baita Araban, Bizkaian eta nazioartean ere.

Izan ere, Ibarbia, bankuko langilea izan arren, aditu autodidaktatik eminentzia izaterako bidea egin zuen. Bere elkartekideek gogoratu dute gehienek duela hamarkadadak irakurri eta ikasitakoarekin aurrera egiten dutela. Ibarbiak, ordea, argitaratzen zituzten liburu oro irakurtzen zituen (atzerrian plazaratuta bazeuden ere) eta etengabe eguneratzen ari zen bere jakintza zientifikoa. Alegia, edozein espezieren izendatze aldaketaren jakitun zen.

Modu autodidaktan ikasten hasi bazen ere, nazioarteko eminentzia bilakatu zen Jose Mari Ibarbia mikologiaren esparruan eta urte osoan ikertzen zuen basoan zein mikroskopioan.

Mundu horretan sakontzeak ikertzaile errespetatua izatera eraman zuen. "Orduak ematen zituen elkartearen egoitzan mikroskopio eta substantzia erreaktiboekin eta emaitzak mundu osoko mikologoekin partekatzen", aipatu dute bere lagunek.

Ikerketa lan hori urte osoan egiten zuen eta ez bakarrik udazkenean, jende gehiena ziza eta onddoen bila doanean mendira. "Urte osoan daude zizak eta onddoak eta Jose Marik gehiago jakitea nahi zuen, horretarako urte osoan bilketak egin eta laginak hartzen zituen", azpimarratu dute bere ingurukoek.

Mendia, argazkigintza, dibulgazioa

Baina ordu asko zientzialari gisa eman arren mahai batean ikertzen, Ibarbiak gehien gogoko zuena landa lana zen. Hau da, mendira joatea eta bere saskia ziza eta onddoz betetzea. Bere adiskideek erantsi dute, nahiz eta bitxia dirudien, ez zuela bereziki gustuko alde gastronomikoa, batzuetan jaten bazituen ere: "Ikerketarako aleak topatzen zenituen bere saskian, oro har". 

Ibarbiaren argazkiak hainbat liburu ospetsutan agertu dira.

Grin zientifikoa, gainera, adierazpen artistikoarekin uztartu zuen, argazkigintzaren bitartez eta bere irudiek mikologia liburu ugaritan bukatu dute. "Ikerlari eta aditu askok ezagutzen zuten eta harremanetan zeuden berarekin. Argazkiak eskatzen zizkioten bere argitalpenetan agertzeko", kontatu dute elkartekideek.

Berez, Ibarbiak hainbat hitzaldi eta solasaldi eskaini zituen, Euskal Herrian zein kanpoan (Errioxan, Andaluzian...) eta horrek erraztu zion nazioarteko mikologo ospetsuak ezagutzea eta tratua izatea eurekin.

Edonola ere, zekien guztia ez zuen partekatzen soilik adituekin. Udazkenean, jende gehienak basora jotzen zuenean, Jose Mari Ibarbiak astero bi egun ematen zituen, gutxienez, zalantzak argitzen mikologia elkartean eta modu horretan, balizko intoxikazioak ekiditen.

Mikologiaren sustatzailea

Bildutako jakintza guztia, gainera, ezaugarri oso aproposarekin uztartu zuen, mikologiaren berri ematen baitzuen oso modu entretenituan. Gaitasun horri esker 1980ko hamarkadan ume kuadrilla bat erakarri zuen elkartera.

Hala oroitu du Ibarbiaren jarraitzaileetako batek: "1988an lagun batzuekin joan nintzen zizak eta onddoak hartzera eta dibertigarria iruditu zaitzaidan. EGBn geunden eta erabaki genuen Mikologia Elkartera bertaratzea. Izugarrizko zorte ona izan genuen eta Jose Marirekin egin genuen topo, onenarekin. Berak istorio oso interesgarriak eta bitxikeriak kontatu zizkigun eta zaletuak bilakatu ginen. Iberdrolak umeentzat antolatzen zituen ziza erakusketetara joaten ginen Bilbora eta beti irabazten genuen".

Hutsunea

Elkartean argi dute Jose Mari Ibarbiak utzitako zuloa nekez beteko dutela: "Jarraituko dugu mikologia astea antolatzen eta hitzaldiak eskaintzen, baina berak ekartzen zituen hizlariak eta egiten zuen sailkapena, hortaz, zaila izango da bere maila mantentzea. Horrez gain, berak beti zuen azken hitza zalantzak argitzeko".

Jakina, esparru pertsonalean ere utzi du bere aztarna, lagunek adierazi dutenez: "Dibertigarria eta irekia zen, baita lagunen laguna. Oroitu nahi dugu Gorka Urkijoren omenez egin zuen bideoa. Gogoko zuen abestea eta kitarra jotzea, txokoan eta poteak hartzen aritzea. Beti esaten zuen Lekeition zuen etxera joango zela bizitzera, baina ez zuen inoiz egin. Nahiz eta Abaroakoa izan, leku ugarira eraman zuen Laudioko izena. Hori bai, edozein gauzaren gainetik, naturaren, Bizkaiaren eta Euskadiren maitale sutsua zen".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide