Urte eta erdi igarota, Omniak prentsa oharra plazaratu du udal gobernu taldea uztera eraman zuten arrazoiei buruz eta, zehazki, EH Bilduri leporatu dio euren erabakiak ez errespetatzea, "nahiz eta arloak eta azpiarloak modu justuan negoziatu eta adostu".
Talde independenteak azaldu du horrek ezinegona sortu zuela bere zinegotzien artean eta horrela jakinarazi ziotela EH Bilduri. Horren ostean, itxaropentsu ekin zioten berriro lanari. Edonola ere, ikusita harremana ez zela aldatzen, deliberatu zuten udal gobernuko ardurak uztea.
Omniak erantsi du bere borondatearen kontrako erabakia izan zela, baina, hala ere, honakoa gaineratu du: "Gobernutik 'onik' ateratzea ere negoziatu eta adostu genuen, ulertzen genituen hainbat kontu oso garrantzitsuak zirelako herriarentzat. Ez zuten bete gobernu-taldean hitzartutakoa, ezta handik atera ginenean adostutakoa ere".
Halaber, taldeak aipatu du, gehiegi ez luzatzearren, ez duela desadostasunetan sakondu, baina interesdunek aukera daukatela euren sare sozialetan gaiari buruz argitaratuko dituzten bideoak ikusteko.