'Arrosaren izena' Umberto Ecoren eleberria euskaratu du Kepa Barañanok

Aitor Aspuru Saez 2025eko abenduaren 19a

Umberto Eco idazlea./ Università Reggio Calabria

Idazle italiarraren eleberri historikoa itzuli du Barañanok eta edonorren esku utzi du, hemen deskargatu daiteke eta.

Kepa Barañano laudioarra beste itzulpen titanikoa burutu eta partekatu berri du. Izan ere, 2016an hildako Umberto Eco idazle, filosofo eta semiologo famatuaren Arrosaren izena euskaratu du eta hemen eskuratu daiteke bi urte eta erdi inguruko lanaren emaitza. 

Berez, liburua 1980an argitaratu zuten eta best sellera bilakatu zen berehala. Eleberri eta ikerketa historikoaren osagaiekin, baina thriller edota Sherlock Holmesen istorioen egiturarekin, misterioa eta sekta heretikoen xarma nahastu zituen Ecok modu arrakastatsuan. Horri esker, sei urte beranduago zinemara eraman zuen Jacques Annaud zuzendari frantziarrak, eta Sean Connery, Christian Slater eta Ron Pearlman antzezleak bere aginduetara egon ziren.

Edonola ere, Barañanoren interesa berriagoa da: "2023an Tormesko Lazarotto bukatu eta geroztik. Eleberria erdaraz irakurri eta filmea ikusirik, euskarak halako literatura maila bikaineko liburu ederra bezain zaila merezi duela uste nuelako eta dudalako ekin nintzaion. Testuaren joritasuna, “aberastasuna”, narotasuna eta zehaztasuna ikusirik, euskaratzea erraza izango ez zela banekien arren, saiatzea, behintzat, zegokeela erakutsi nahi izan nion neure buruari, eta hasiak egina dirudi, eta eginak urregorri".

Egindako itzulpenari dagokionez, Barañanok azaldu du ez ohikoa izan: "Gramatika edo joskera dela eta, erabili ohi dudan euskara nolabait “arkaiko” xamarra dela esango nuke, Axularren ildotik joanez –apalkiro esana– (bage, izaiten, eritzi, albaileza, eskatu zaio…), eleberriko giroari dagokiolakoan".

Horrela egin izanak zailtasunak suposatu ditzakelaren badaki laudioarrak, baina aurrera egitea erabaki du: "Ene eritziz, ezin baita erdarazko testu zaila euskara errazean eman, euskara beti erdararen mailan (edo gorago!) ezarri behar dugula eta nago. Are, areago gaur egun entzuten den euskara hain traketsa izanik, oro har. Ad.: Altuberen aldapan behera goaz… amildegirantz! Berzeak oro izan dira / bere goihen gradora / orai hura iganen da / berze ororen gainera".

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide