Maderas de Llodioko lantegiko sindikatuek oharra zabaldu dute exijitzeko Garnica taldeari bere jarrera aldatzea lan gatazka konpontzeko. Izan ere, zuzendaritzak uko egin dio negoziatzen jarraitzeari eta argudiatu du "ekintza azkarrak eta jarduera berreskuratu" behar direla.
Enpresa Batzordea osatzen duten antolakundeek, ordea, azpimarratu dute lan gatazka eta greba ezin direla berehala amaitu akordioaren bidez ez bada. Horregatik, hain zuzen, eskatu diote Garnica taldeko arduradunei erantzukizunez jokatzeko eta negoziazioekin jarraitzeko.
Proposamen onartezinak
Bide batez, sindikatuek baliatu dute aukera gogoratzeko orain arteko gorabeherak negoziazioen esparruan: "Enpresak proposamen eta gai ezinezkoak aurkeztu ditu hainbat aldiz, onartu ezin diren proposamenak ere egon dira, eta hauek desblokeatu behar izan dira elkarrizketetan aurrera egiteko. Horregatik, langileen batzordetik ez da ulertzen ezta onartzen ere, enpresak negoziazioak unilateralki itxi izana egindako ibilbide horren ondoren".
95 egun greban
Gaur 95 egun bete dituzte greban Maderas de Llodioko langileek kaleratzeen eta ekoizpenaren deslokalizazioaren kontra. Gabonetan elkartasun zozketa egiten ari dira protesta babesteko.